"Profesionalak izan ginen urtea" liburuaren aurkezpena Koldo Izagirre, Joseba Tapia eta lagunen eskutik

Aiurri 2024ko ots. 2a, 07:18

Argazkia: Lanartea

Lanartea euskaraz sortzen duten profesional guztien zerbitzurako sortutako elkartea da, eta Durangoko Azokarako "Profesionalak izan ginen urtea" liburua argitaratu zuten. Andoaingo Udalak diruz lagundu zuen egitasmoa, eta datorren asteartean aurkezpena egingo dute Bastero Kulturgunean.

"Liburu hau 1976an profesionaltasuna aldarrikatu zuten kazetari ausarten omenez egina da, bat egiten dugulako haien haserrean. Euskararen langile sortzaileek pairatzen duten tratua, hala kontratuetan nola zergetan edo bost ogasun desberdinen anabasan, ez delako –47 urte geroago– Europan sortzaileei ematen zaiena, are gutxiago zenbait estatutan hizkuntza murriztuek kultura garatzeko jasotzen duten laguntzaren pareko", idatzi du Miel Anjel Elustondo Lanarteako lehendakariak liburuaren hitzaurrean.

Euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia ere aipatzen du testu berean: "Hala berean, euskararen langileen genealogia osatzeko bigarren alea dugu liburua, Lanarteak iaz argitaratu zuen LAINEZA. Kultura haragi bizitan izeneko lan kolektiboaren segidakoa. Nondik gatozen ikusiz non eta nola gauden gogoetatzeko, eta, jakina, etorkizun dugun norabidea doitzeko. Badugulako zer doitua, etorkizunik izango badugu".

Andoaingo Udalak diruz lagundu du proiektua. Koldo Izagirrek koordinatu du liburua, Garbine Ubedak diseinatu eta maketatu. Biak izan ziren Donostiako Kaputxinoetan aurkeztu zuten ekitaldian, Elixabete Garmendia lagun zutela.

Otsailaren 6an, Andoaingo Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan, hitza eta musika uztartuz, Lanartea elkartearen kideek ikuskizun bihurtuko dute liburua. Sarrera doakoa da, arratsaldeko 18:30ean hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!