Beste behin ere, eutsi diote andoaindarrek Kalderero jaiari

Aiurri 2024ko ots. 3a, 18:53

Inauteri festa iragartzen duten kaldereroak kalez kale ibili dira Andoainen, beste behin ere. Tradizioa ez da eten, bereziki, azken urteotan lekukoa hartu duten familia gazteei esker.

San Juan Bataiatzailea adinekoen egoitzan lehen notak eskaini dituzte Gora Kaletxiki Bandako kideek. Haiengana hurbildu dira Kaldereroen konpartsako kideak. Eraikinaren kanpoaldean, eserita, zain zeuden egoiliar ugari. Eta haien ondoan zaintzaileak eta senideak.

Kaletxikitik igaro ostean, Goikoplazara heldu dira. Bertan jarri dute kanpalekua, eta Uribesalgo Hungariako Kaldereroen ordezkariak adierazpena irakurri du. "Otietako tunela itxita dagoelako iritsi gara berandu" adierazi du, ikusleen irriak sorrarariz. "Hernanitik gerturatzeko ere nahikoa lan iristeko", erantsi du, Bazkardoko lotuneari aipamena eginez. Madrildik lotune haren alternatiba osatzeko 476.000 euroak ez direla iritsiko gaineratu du, hango politikarien artean lapur asko dagoela erantsiz. "Gora Kaldereroak! Gora Andoain!" oihukatuz amaitu du hizketaldia. Alboan zituen kaldereroen kimu berri ugari.

Goxokiak eta pastak banatuta, kalejirak Kale Nagusirako bidea hartu du. Beste behin ere, eutsi diote andoaindarrek Kalderero jaiari. Ez da gutxi!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!