"Profesionalak izan ginen urtea", liburuaren aurkezpen-ekitaldia Bastero Kulturgunean

Xabier Lasa 2024ko ots. 8a, 08:02
Koldo Izagirre, Amagoia Gurrutxaga eta Joseba Tapia.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak liburua argitaratu zuen Durangoko Azokaren atarian. Andoaingo Udalaren laguntza jaso zuen argitalpenak, eta asteartean Bastero Kulturguneko ekitaldi-aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldia.

“1976. Profesionalak izan ginen urtea” liburua aurkeztu zuten Amagoia Gurrutxagak, Koldo Izagirrek eta Joseba Tapiak, astearte iluntzean. Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak antolatu zuen ekitaldia, Udalaren laguntzarekin.

Euskaraz lan egiten duten idazleek, marrazkilariek, musikariek, itzultzaileek, bertsolariek eta aktoreek osatzen dute Lanartea. Andoaingo Udalak laguntza eman du liburuaren argitaratzeko. Marta Lasa Kultura zinegotziak egin zuen hiru kulturgileen eta horiek besapean zekarten liburuaren aurrerapen laburra. Horrela, 1976. urtea zergatik hartzen duen liburuak ardatz gogoratu zuen Lasak: “1976an euskal prentsaren urtea izatea erabaki zuten euskal hedabideek; hots, Anaitasunak, Goiz Argik eta Zeruko Argiak. Erabaki horren arrazoia zera zen, euskal prentsan idazteak doako militantzia suposatzen zuela. Horrela ezin informazioa hedatu, artikuluak eta iritziak ez baitziren aski garaiko errealitatea islatzeko. Errepresio politikoa, atentatuak, euskal kulturaren bazterketa politikaren mesedetan...”.

Profesionaltasuna, xede

Koldo Izagirre eta Amagoia Gurrutxaga 1976ko urteko hainbat pasarte edota zenbait kulturgilek egindako adierazpenak eta gogoetak harilkatzen joan ziren, aurkezpenean barrena, eta tarteka, Joseba Tapiak, kantuak eskaini zituen zuzenean.

Nahiz eta 1976ko urtea aztergai eduki liburuak, ordukoa gaurko egoerara proiektatu nahi dute egileek, nolabaiteko konparaketa historikoa egin nahi dute.Horregatik, Izagirrek argi asko azaldu zuen liburuaren atzean dagoen aldarria, eguneratua, mintzaldia hasi eta agudo: “Antzerkilariak, bertsolariak, kantariak musikariak, irudigileak, itzultzaileak, idazleak, ipuin kontalariak, kazetariak... ari dira euskal kultura eusten, ontzen eta aurreratzen. Euskararen langile profesionalek, estatutu berezi bat behar dute, euskaraz sortutako kulturaren legea ezarri beharra dago. Gure sortzaileek duintasunez bizi behar dute; sortzen duten lanen kalitateak merezi du gaur ez duten ikusgarritasuna munduan zehar. Batez ere Euskal Herriaren munduan”.

1976an euskararen profesionala izatea soldata bat lortzea zela lehenik, adierazi zuen Izagirrek. “Eta, ondorioz, lanordu osoak euskarari emanda, harro egotea egindakoaren kalitateaz. Euskararen barruan bazegoen nolabait profesionaltasun bat bertsolarietan eta trikitilarietan; egindako lana ordaintzen zitzaien behintzat. Profesionaltasun osoaren aldarririk gardenena eta garratzena, Lurdes Iriondok egin zuen hamar urte lehenago”.

Lourdes Iriondok 1966an egin zuen hausnarketa

Amagoia Gurrutxagak errepikatu zituen Iriondok 1966an esandakoak: “Irrati bat badugu, Loiola Irratia, asteroko bat badugu, Zeruko Argia; ia herri bakoitzean ikastola bat badugu, abeslariak baditugu, bertsolariak ere bai. Poesia-liburuak, idazlariak, dantza-taldeak, antzerki-taldeak... Asko edo gutxi daukagun, hori bakoitzaren iritzirako dago. Baina daukagun hori, erdi abandonatua daukagu. Euskaldun izateko beharrezkoa da hiltzen dihoan euskal kulturari bultzada eta laguntza sendoak eskaintzea. Hiltzen dihoan euskal kultura diot, baina euskal kultura ez da berez hilko, guri bost axola zaigulako hilko da, hiltzen bada. Nola nahi dugu gure antzerkiak, abestiak edo irratiak herrikoak izatea, behar bezala laguntzen ez badiegu? Euskal artistak bere bizi guztian gratis lana egitera kondenatua egon behar al du?”.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!