Aspaldian kezka genuen gure inguruan ikusten dugun mendien egoeraz. Landaketak dira nagusia eta ia denak ustiaketara bideratuak. Ondorioa da aukera gutxi ematen diogula naturari garatzeko, bioaniztasunak bere adierazpenik zabalenean (habitata ezberdinen mantentzea, espezie babestua eta ez direnen bizilekuak…) aurrera egin dezan. Naturak eta honen parte den basoak, funtzio asko betetzen ditu, funtzio ekosistemikoak esaten zaie eta nagusienak: CO2 oxigeno eta biomasa bilakatzea, klimaren gorabeheren ondorioak apaltzen laguntzen du, ura araztu eta erregulatzen laguntzen du, uholde naiz luizi arriskuak arindu, gordailu genetikoa da, egurra ekoizten du, aisigune bihurtzen da…
Baina zuhaitz masa bati begiratzen diogunean ez gara gauza horien gehienen jabe. Horregatik, hitzaldia antolatu dugu:
- Basoak betetzen dituen funtzio horiek azaltzeko.
- Basoaren eta landaketen arteko aldea ezagutzeko.
- Basoa kudeatzeko era ezberdinek dituzten ondorioak.
- Jabetza mota ezberdinak eta horien aukeraz aritzeko: Tantai baso jabeen kooperatiba, Lurgaia fundazioa…
Hitzaldia lotuta dago martxoaren 2an egin behar dugun zuhaitz landaketarekin. Ekitaldi herrikoia izango da eta irteera puntua Otietako aparkalekuan izango delarik. Honi buruz ere azalpenak emango ditugu hitzaldian.