Suizidioa eta Unanibiko sorginak, “Andoain Laburrean” lehiaketako aurtengo sarituen gaiak

Xabier Lasa 2024ko ots. 17a, 00:00

“Andoain Laburrean” bideo laburren lehiaketako sariak banatu zituzten atzo, Basteron. “Otsailaren 15a” (lehen saria), “Goazen hemendik” (bigarren saria), eta, “Itxaropen distira” (ikusleen saria) nabarmendu dituzte aurtengo edizioan. Hain zuzen, suizidioaren gaia dute jomugan lehen sariak eta ikasleen sariak, eta Unanibiko sorginak bigarren sariak. Ekitaldiko argazki-bilduma eta bideoa, ikusgai:

Bederatzi lan aurkeztu dira aurten, gazteen euskarazko sorkuntza ikus-entzunen sektorean bultzatzea helburu duen lehiaketaren 9. ediziora, Andoaingo Udaleko euskara lan sailak eta ESCIVI Zine eta Bideo Eskolak antolatuta.

Horiek dira: “Unanibi”, “Tta Kun Txa”, “Itxaropen Distira”, “Dbd”, “Andoain ezagutzen”, “Otsailaren 15a”, “Leitzaranen eskutik”, “Zubia”, eta, “Goazen hemendik”. Sarean ikusgai jarri ziren urtarrilean, eta herritarrek gogokoenak bozkatzeko aukera dute. Guztira, 820 bozka jaso ditu lehiaketak.

Aukeztu diren bederatzi lanak ere youtuben ikusi litezke, andoaindarra.euskaraz.eus webgunearen eskutik.

Irabazleek sariak Andoni Alvarez alkatearen eta Marta Lasa Kultura zinegotziaren eskutik jaso zituzten. Ekitaldia, Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuen.

Hona zeintzuk diren saritu dituzten hiru lanak:

* Ikuslearen saria:

“Itxaropen distira”. Egileak: Josu Artola, Jon Martin eta Dery Alfaro.

 

* Bigarren saria:

“Goazen hemendik”. Egileak: Aitana del Olmo, Eduardo Perez, Nahia Lacalle, Marcos Alves, Manex Usarraga, Asier Jimenez, Markel Sorarrain, Haritz Muxika, Ainhoa Mediero, Imanol Etxaide eta Maia Nogueira.

 

* Lehen saria:

“Otsailaren 15a”. Egilea: Unai Garcia.

Sari banaketaz gain, Ane Rotaetxeren “Kosmikoa” laburmetraia ikusi ahal izan zuten Basteroko ekitaldira bildu zirenek. Gainera, Rotaetxerekin solasaldia eduki ahal izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!