Basogintza autoktonoaren aldeko hitzaldia Basteron, asteazken honetan

Xabier Lasa 2024ko ots. 19a, 16:27
Edu Zabala, bestelako basogintza politikaren aldeko argudioak azalduko ditu Basteron

Gure basoetan bestelako landaketa-politikak eskatzen dituen Baso Biziak plataformako kide den Edu Zabalak, “Baso biziak eta monolaborantza” izenburuko hitzaldia emango du Basteron, otsailaren 21ean, asteazkenarekin, 19:30etik aurrera. Martxoaren 2an, berriz, Munttoko parajean landaketa egingo da, Andoaingo Eguzki talde ekologistak antolatuta, eta Andoaingo udalaren laguntzarekin.

Hain zuzen, martxoaren 2an, larunbatarekin, Munttoko parajean (Idoiaga eta Usabelartza artean), zuhaitz autoktonoen landaketa egingo da.

Otietako parkinean jarri dute hitzordua 09:00etan, eta ordu beteko ibilaldiaren ostean, Muntton egingo da landaketa.

 

Edu Zabala, basogintza eredu alternatiboaren alde

Landaketa horren gaineko azalpenak emateko, Edu Zabalak “Baso biziak eta monolaborantza” hitzaldia emango du Basteron, otsailaren 21ean, esan bezala.

Ekologismoaren eta bioaniztasunaren aldeko Euskal Herriko hainbat taldek osatzen duten plataforma da Baso Biziak. Edu Zabalak adierazi duenez, plataforma sortzeko arrazoiak eta bere helburuak azalduko ditu, lehenengo eta behin, Basteron.

Zabalak adierazi duenez, “EAEko erakunde publikoek bultzatuta lur-publikoetan burutzen den basogintza-eredua ikuspegi kritiko batetik aztertuko dut; besteak beste, monolaborantza zer den eta zergatik den kaltegarria, lur-jabeen artean egiten den diru-laguntzen banaketa zergatik den okerra, halako landaketak justifikatzeko erabili ohi den etekin ekonomikoaren arrazoia...".

Leitzaran bailaran Aldundia aplikatzen ari den landaketa politika ere jomugan izango du Zabalak: “izan ere, eredu zaharrekin segitzen baitute funtzionatzen. Azalera publikoaren ehuneko handia batean koniferak (pinua, izeiak, akertzeak, altzifreak...) landatzen ari dira.

Intsinis pinuak galbidean jarri dituen “Banda marroia” izeneko onddoak eragindako gaitza ere hizpide izango du.

Aldi berean, “zerbitzu ekosistemikoak” deituriko kontzeptua deskribatuko du, hots, epe motzeko interes ekonomiko pribatuen gainetik basoak berreskuratzeak dakartzan onura sozialen gainean jardungo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!