Abiatzear da denboraldia eskolarteko eta kadete mailako txirrindularientzat

Aiurri 2024ko ots. 22a, 10:03

Kadete mailako neskak iaz bikain aritu ziren.

Eskolarteko denboraldia Andoaindik abiatuko da, larunbat honetan. Igandean, berriz, kadete mailakoak lehian ibiliko dira Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari Sarian.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako kadeteak Errenterian izango dira, igandean, Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari Sarian. Arratsaldeko 16:00tan abiatuko da lasterketa Nafarroa etorbidetik. 60 kilometroren ostean, toki berean amaituko da lasterketa.

Antolatzaileek adierazi dute txirrindulariei dagokionez, Euskal Herriko aurreneko lasterketa izango denez, txirrindularien parte-harte handia espero dutela, batez ere Euskal taldeetakoena. Halaber, eskerrak eman dizkiete babesle guztiei, zein lasterketa gauzatzeko eskualdetik gerturatu diren ia ehun boluntarioei.

Bestalde, Leire Mazizior Kiroletako zinegotziak Udalaren webgunean honako hau nabarmendu zuen: “Udalarentzat garrantzi handikoa da horrelako proba bat babestea; izan ere, emakumeen kirola sustatzeko garrantzitsua da gazte-gaztetatik horrelako probetan lehiatu ahal izatea. Era berean, emakumeen kirola eta gazteen kirol jarduera sustatzea bilatzen dugu”.

Eskolartekoa, larunbatean

Bezperan, eskolarteko denboraldia Andoaindik abiatuko da, Andoaingo Txirrindulari Eskolak denboraldi hasierako proba antolatu baitu. Kaleberrian izango da, 16:30ean hasita. Ibilbide itxia da, Lankide Aurrezki Kutxa parea eta Guipuzcoanoren artekoa. Hainbat itzulinguru eta gero, azken itzulian erabakitzen da lasterketa. Ikusteko proba polita da.

TXIRRINDULARI LASTERKETA - Udalaren oharra

Txirrindulari lasterketa dela eta, 2024ko otsailaren 24an larunbatean arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara trafikoa itxita egongo da Txitibar plaza biribilgunetik Laboral Kutxa biribilguneraino

Autobus zerbitzuari dagokionez, berriz, Donostira doazen autobusak Txitibar plaza biribilguneraino sartuko dira eta Tolosara doazenak Kale Berria (Laboral Kutxa) biribilguneraino sartuko dira.

ANDOAINGO UDALTZAINGOA: 092 / 943 300 819

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!