"Andoainera ekarri nahi dut 'Egun Zoragarriak' antzezlana"

Mikel Arberas 2024ko ots. 23a, 11:03

Itxaso Sanchez andoaindarra umetatik egon da arte jardueretan murgilduta. Lehen pausoa musika eskolan eman zuen, eta gustuko bidea egiten jarraitu du, gaur arte.

Andoaindarrak lehen pausoa musika eskolan eman zuen, ondoren, Katramila antzerki eskolara jauzi egin eta, urtetan, beste hainbat proiektutan murgilduta egon da. Egun, Bilboko Pabellon 6 antzokiko Gazte Konpainiako "Egun Zoragarriak" (Dias Estupendos) antzerkiko aktorea da.

Nondik datorkizu interpretaziorako zaletasuna?

Eszenatokiarekin lehen harremana kantuaren bitartez eduki nuen. Umetatik abesten aritu naiz, batik bat, musika eskolan. Hari horri tiraka, antzerkiari buruz gehiago jakiteko gogoa sortu zitzaidan, beraz, Andoaingo Katramila antzerki eskolan izena ematea erabaki nuen. Urteak aurrera egin ahala, zer ikasi pentsatu behar izan nuen, beste guztiek bezala, eta Bilboko Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoaren eta Dantzaren Goi Mailako Eskolan eman nuen izena. Lehen promozioa izan ginen. Lau urte bizi izan ziren, eta ikasitakoarekin obra bat egin genuen Fernando Bernuesek zuzendurikoa. Zoritxarrez, horren ostean, pandemia iritsi zen eta nire jarduna, bat-batean, gelditu egin zen.

Interpretazioari buruz jardun dugu, baina abeslaria ere bazara.

Bai. Musika eskolan hasi nintzen abeslari, eta, ondoren, korora jauzi egin nuen. Horrez gain, iaz, "Elektropottotte" elektrotxaranga sortu genuen zenbaiten artean. Oraingoz, hainbat lekutatik deitu gaituzte jaiak eta kaleak girotzeko.

Hortaz, umetan zaletasun zen hori ogibide bilakatu al duzu?

Baietz esango nuke. Pandemiaren ostean, ikastetxeetan interpretazio klaseak eta antzerkigintza irakasten hasi nintzen. Dena den, zerbait falta nuela sentitzen nuen, eta Madrilera jauzi egin nuen Kamera Aurreko Interpretazio Masterra egitera, Central de Cine eskolan. Titulua lortu, itzuli eta irakasle-lanetan jarraitu nuen denbora batez. Eta, egun, "Egun Zoragarriak" antzerki emanaldian nabil aktore-lanetan.

Arte eszenikoen arloan lan ugari egindakoa zara, irakasle edota aktore gisa. Egun, berriz, "Egun Zoragarriak" (Dias estupendos) antzezlanaren emanaldiarekin buru-belarri zabiltza. Nola lortu zenuen papera?

Pabellon 6 Gazte Konpainiarako hauta-probak egin nituen, udan. Hauta-proban bi hizkuntzetan testu bat irakurri eta abesti bat kantatu behar izan nuen, informazio gehigarririk gabe; hau da, aktore gisa, egoerara moldatu behar izan nuen, testuan jartzen zuena kontuan edukita ­–testuaren eta interpretazioaren arteko koherentzia ezinbestekoa da–. Esanak esan, etxean entseatzen aritu nintzen denbora luzez eta, ondoren, egun zehatz batean, epai-mahaikideen aurrean egin nuen proba, beste hainbat hautagairen artean. Azkenik, bizpahiru asteetara hautatua izan nintzela esan zidaten.

Hitz egin apur bat "Egun Zoragarriak" obrari buruz.

Obra uda aldean kokatuta dago. Hamasei eszenaz osatuta dago, eta bakoitzak bere gatazka du, besteekiko indepedentea dena; eszena bakoitzean pertsonaia bat lantzen da. Obra, batez ere, komedian oinarrituta dagoen arren, baditu drama kutsuak, pertsonaien gatazka propioak lantzen baitira ere. Horrez gain, obraren xedea bizitzeko gogoa transmititzea eta eguneroko nondik norakoak azaleratzea dela esango genuke; baina, noski, udan guztia ez da poza eta alaitasuna, gauza txarrak ere gertatzen dira. Hori guztia islatu nahi du antzezlanak. Eta beno, gehiago jakiteko ikustera gonbidatu nahi dut irakurlea.

Nolakoak izan ohi dira antzerkia prestatzeko entseguak?

Oso ondo moldatu gara entseguetan, izan ere, guztiok lehen egunetik gidoia buruz ikasita genuen. Entseguei gaztelaniazko testuekin ekin genien eta mugimendu-koreografia ere hizkuntza horren arabera osatu genuen. Ondoren, estreinaldirako hilabeteren buruan, euskarazko bertsioari errepasatzeari ekin genion, behar bezalako erritmoa hartzeko.

Noiz izan zen estreinaldia eta zer moduzkoa?

Urtarrilaren 19an estreinatu zen antzezlana, euskaraz, eta, hurrengo astean, erderaz egin genuen. Esan beharra daukat, prozesua ona eta erosoa izan dela Itziar Lazkanoren gidaritzapean. Horrez gain, aktoreen arteko erlazioa oso naturala izan da, gertukoa. Familia bat garela esan genezake.

Urduritasun handia sumatu zenuen estreinaldiko egunean?

Egia esan, bai. Egunak neraman lo ondo egin gabe. Egun handia gerturatzen ari zen heinean, urduritasuna handitzen joan zen. Hala eta guztiz ere, antzezlanak oso harrera goxoa eta gertukoa eduki zuen estreinaldian; izan ere, senitartekoak, lagunak eta antzerkizaleak bertaratu ziren. Gaztelaniazko bertsioan antzeztu genuenean, berriz, sarrera guztiak saldu genituen, bi aldiz. Oro har, harrera bikaina edukitzen ari da.

Antzezlana Andoainen egiteko asmoa ba al dago?

Niri asko gustatuko litzaidaketa Andoaingo Bastero Kulturgunean antzeztea. Polita litzateke, Andoainen, nire herrian, lagunen, herritarren, familiaren eta, batez ere, aiton-amonen aurrean antzeztea.

Etorkizunera begiratzean zer datorkizu burura?

Aktore lanetan jarraitu nahiko nuke eta bide horretatik landu nire etorkizuna. Benetan gustuko dudana delako. Baina, auskalo, nire ateak zabalik daude, betiere, ikasteko eta lan egiteko gogoarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!