Aitziber Ugartemendiari esker oneko omenaldi sentikorra eskaini diote

Xabier Lasa 2024ko ots. 25a, 19:00

Eskuzabaltasuna, samurtasuna, bizi-grina, bizi-poza, ekintzailetasuna... Makina bat balio eta ezaugarri aipatuz definitu dute Aitziber Ugartemendia bere senideek, adiskideek, eta hainbat herri elkartetako kideek egin dioten gorazarre ekitaldian, Basteron eguerdian. Ekitaldiko zenbait une agertzen dituzten argazki-bilduma eta bost bideo, ikusgai:

Ainara Rodriguezek eta Maite Sagasetak aurkeztu dute bi ordutik gora iraun duen ekitaldia, "Ilargiraino eta buelta... Maite zaitugu Aiztziber!" leloa nagusi izanda.

Hasieran, senitartekoak oholtzara igo dira, Aitziber Ugartemendiaren erretratua eskuetan zutela. Horrela, hainbat dantzarik hasierako agurra eskaini diete, Eli Olaizola eta Esti Mujika (silofonoa) abeslariek eta Aran Mujika gitarra-joleak interpretatu duten Bi Katu (doinua: Xabi Zabala; hitzak, Leire Bilbao) abestiarekin.

Hitz hartzeek, bertsoek, musikak, dantzak, bideo-muntaiek... osatu dute abenduaren 16an hil zen kultur eragile nekaezinaren aldeko gorazarreko ekitaldiaren zati handia.

Era horretan, Bastero gainezka jarri duten senitartekoek, adiskideek eta lagunek, pantaila bidez, Ugarmendiaren giza dohainak eta berarekin partekatu izandako pasadizo ugari kontatzen dituzten testigantzak ikusi ahal izan dituzte.

Rodriguez eta Sagaseta aurkezleek ere, Ugartemendiaren ibilbide emankorra deskribatzen duen metaforaz beteriko hitzartzea egin dute, mataza-haria eskuetan zutela, eta “Haria da Aitziber” ideia nagusi izanda.

 

Testigantza ugari, gizaki bihozbera eta ekintzaile baten berri emateko

Ugartemendiaren kuadrillak hartu du bere gain antolakuntza, eta Ainarika Abregok atondu dituen bide-muntaietan, honako elkarte eta taldeek eman dute lekukotza: Lagun-kudrilla, Zubietako lagunak, Katxiporreta, Punttuka Bertso Eskola, Kitto Gazte Kolektiboa, Santa Krutz Jai Batzordea, Iñurri Elkartea, eta, Axeri Dantza Elkartea.

Hitz jakingarriak eta gozoak erabili dituzte Ugartemendia gizaki gisa eta herri eragile gisa deskribatzeko, eta beharbada, bere kuadrillako kideek hondartzan egindako pasarte barnekoi eta sentikorrak eragin ditu malkorik gehienak Basteroko ikusleen artean.

Unai anaiak eta Uxue ahizpak oholtza gainean egin duten hitzartzea ere ez da atzean geratu, emozio bizien kapituluan.

Ekitaldian barrena, aipatzekoa ere bada Iñurri elkarteko Ane Labakak, Maialen Akizuk eta Amaia Agirrek osatu duten bertso saioa, Esti Mujika (pianoa) eta Aran Mujika (biolina) lagun zituztela.

Ugartemendiak parte hartu izandako hainbat elkarteetako ordezkariek Ugartemendiak merezi zuen eskertza adierazteko eta urratu zuen bideari eutsiko diotela adierazteko, sinbologiaz beteriko keinua egin dute. Hots, horietako bakoitza, eszenatokira igo da banan-banan, eta bere erretratuaren aurrean, jantziak, blusa gorria, irudi artistikoduneko kamisetak, txapak... utzi dituzte; bien bitartean, Olagain Txistulari Elkarteko kideak festa giroko melodia jotzen aritu dira.

 

Kantuan eta dantzan, Aitziberrek nahi lukeen moduan

Omenduaren lankide izan ziren Porrotx eta Marimotots pailasoek hartu dute oholtza, ekitaldiaren amaieran, Basteroko ikusleak eserlekuetatik altxa arazi, eta kolore anitzeko puxikak eskuetan dituztela, dantzan eta kantuan jarri dituzte. Nolaz ez, alaitasuna nagusitu da Basteron.

Aitziberrek halaxe nahiko luke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!