Lau andoaindarrek eta hernaniar batek Himalaian egindako abentura, hizpide Urigainen

Xabier Lasa 2024ko ots. 26a, 09:42

Boskotea Himalaian (Argazkia: boskotea)

Oskar Sanchez, Alfredo Rodriguez eta Joxelu Zuriarrain andoaindarrek eta Iñaki Eizmendi hernaniarrak Nepalen, Himalaian urri-azaroan egindako trekkinga hizpide izango dute, Urigain kultur etxean asteazkenean, 19:30etik aurrera. Hitzaldiaren lagungarri, makina bat argazki ikusgarri erakutsiko dituzte. Munduan bizikletan bidaiatzen urte modoa egin duen Aitor Iginitz andoaindarra izan dute bidaiaren gidari.

Egun, Iginitzek Himalaian trekkingak eta Nepalen bidai alternatiboak antolatzen ditu (@mundunomada).

Boskoteak hilabete bateko ibilaldia egin zuen Himalaian iazko urri-azaroan, motxila bizkarrean hartuta.

Adierazi dutenez, “paisaia zoragarriak ikusi ditugu, eta bertako biztanleen kultura, koloreak, jaiak... ezagutu ditugu. Geure burua baldintza gogorretan ezagutzeko aukera ere eman digu bidaiak. Gure historia kontatzeko gogoz gaude, argazkiak erakutsi eta une berezi horietan sentitu ditugun bizipenak azaldu nahi ditugu. Gustatuko litzaiguke Andoaingo biztanleek bizi izan dugun abenturaren berri izatea!”.

Urigainen egingo duten hitzaldian, mendizaleei eta naturzaleei mezu jakin bat helerazi nahi dietela ere zehaztu dute: “Jendeari zera jakinarazi nahi genioke, pertsona arruntek, pixka bat prestatuz gero, egin ditzaketela horrelako ibilaldiak. Himalaia aipatzen denean, ez dela pentsatu behar, inondik ere, Everest edo beste zortzi milakoak igotzea denik bakarrik!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!