KORRIKA

Badon opera, KORRIKA kulturalaren eskutik

Aiurri 2024ko ots. 27a, 11:31

Iturria: Badon, KORRIKA

KORRIKA Irundik abiatu eta biharamunean, martxoaren 15ean, Badon opera multidiziplinarra taularatuko dute Bastero kulturgunean, KORRIKA kulturalaren harira. Arratsaldeko 20:30ean hasiko da emanaldia, eta 6 euroko kostua izango du sarrerak. 

Askotariko artistek parte hartu duten egitasmoa da Badon opera.  Hala nola, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Marina Suarez eta Ines Osinaga igoko dira oholtza gainera. Egileen esanetan, nork bere burua “berpentsatzeko-berreraikitzeko” ariketa da Badon. Formatuari dagokionez, hainbat elementuk osatzen dute ikuskizuna, besteak beste: baliabide bisualek, zuzeneko musikak eta baita mugimenduak, literaturak eta bertsoek ere.

Sinopsia

Badon opera posdramatikoa euskal kultura eta haren kanonak berrikustera dator. Jolasaren bitartez, etorkizun utopiko espekulatibo bat proposatzen du. Eszena sorkuntza honek esperientzia estetiko eta zentzumen bidezkol bat dakarkio publikoari, denok partekatzen dugun iruditeriatik sortutako mundu posible bat.

Bestelako euskal kanona, plaza publikoa eta genealogia ahalbidetuko duen agertokia asmatu nahi izan dugu. Zergatik fikziozko ariketa hau? Bestelako kanona, plaza publikoa eta aitortza praktikan jartzea ahalbidetuko digun
mundua asmateko beharra sentitzen dugulako.

Errelato alternatibo eta gaurkotu bat sortzeko, diseinu espekulatiboarekin lan egin dugu, beste mundu eta etorkizunak sortzeko: aukera ezberdinak planteatuko ditugu distopia katastrofikoetatik utopia amestuetara joateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!