"Rap-a gure barrua hustutzeko modua da"

Mikel Arberas 2024ko ots. 29a, 11:46
Gorka BarreƱa "Jardala" eta Unai Iglesias "Panther". Argazkia: Dabid Argindar

Gorka Barreña "Jardala" eta Unai Iglesias "Panther" gaztetan murgildu ziren musika munduan, eta, egun, kontzertuak ematen hasi dira; hori nahikoa ez eta, bien artean, Northem Black Sheeps (NBS) bikotea osatu dute; Youtube kanala ere badute beren musika entzun ahal izateko.

Jardala eta Panther raperoak zarete, baina elkartzean Northem Black Sheeps (NBS) bikotea osatzen duzue.

Unai Iglesias: Musikari independenteak gara eta bakoitzak bere estilo propioarekin rapeatzen du. Hala ere, talde gisa ere elkartzen gara, NBS izenarekin.

Gorka Barreña: Musika munduan modu independentean hasi ginen, baina, urteak aurrera joan ahala, bateratu egin ginen, NBS izenarekin. Egun, kantu bat edo beste eginda dugu biok batera.

Zer esan nahi du Northem Black Sheeps izenak?

U.I: Ardi beltzak esan nahi du. Artaldetik kanpo dagoen horri erreferentzia egiteko erabiltzen den esaeran oinarrituta dago.

G.B: Ez du esanahi zehatz bat, baina aparteko zerbait izango bagina bezala. Ardi beltza, zerbait ezberdina, independentea. Azken finean, normaltasunetik irteten den horri ematen diogu kantxa, egun ezarria dagoen bide komertzialetik at.

Noiz hasi zineten rapeatzen?

U.I: Esango nuke, DBHko bigarren mailan hasi nintzela, gutxi gorabehera. Musika ekiporik gabe aritu ginen urtebetez eta, ondoren, bion artean mikrofonoa eta beste horrenbeste erostea erabaki genuen. Ondoren, Gorkaren etxean grabatzeari ekin genion.

G.B: Ni hamalau urterekin hasi nintzen lehen kantuak eta letrak idazten.

Nola deskribatuko zenukete zuen rapeatzeko modua?

U.I: Zikina eta zakarra. Azken finean, gure barruak hustutzeko modua da eta, batzuetan, adierazteko modua bera bizipen horien ispilu dira. Garen bezala agertzen gara, bai oholtzan, bai letretan.

G.B: Apur bat azaltzearren, idazten hasten naizenean, barreneko zerbait askatu behar dudalako da. Barrenean gordeta dugun hori ateratzeko modua da. Letrak gure bizipenak dira; etxean, kalean eta lagunekin, beste batzuen artean, sortzen direnak.

Guztia zuen kabuz egiten al duzue?

U.I: Ez dugu ahots berezirik, baina ez dugu autotunerik erabiltzen. Grabaketak eta edizioak gure kabuz egiten ditugu, inoren laguntzarik gabe.

G.B: Bai. Autodidaktak garela esan genezake. Egiten dugun hori urtetan ikasi dugunaren emaitza da.

Zer da zuentzako rapa?

U.I: Espresatzeko modu bat da. Buruan bueltaka darabilzkizun pentsamenduei letra eta ahotsa jartzea dela esan genezake.

G.B: Unaiek dioen bezala, sentitzen duzun hori azaleratzeko modua da, eta baita nire buruarekin hobeto sentitzeko era ere. Zu zeu izateko tresna bat da.

Askok rapaa genero zakartzat eta gogortzat dute. Zer diozue?

U.I: Kantu oldarkorrenak eta zakarrenak ez dira hitz itsusiz osatzen, baizik eta sentimenduez, egoerez eta bizipenez; entzulea abeslariaren lekuan jartzeko balio dute kantuek, izan modu baikorrean edo negatiboan. Hala ere, batzuetan ez da batere erraza sorkuntza-lana, letren idazketarako bizipen horiek –sarritan txarrak– gogora ekarri behar direlako. Horrez gain, momentua deskribatzeko hitz egokiena bilatzen saiatzen gara, eta bizipen bat gogorra izanez gero, erabiliko dugun hitza, seguruenik, bortitza izango da.

G.B: Abestiaren arabera zakarra izan daiteke, noski. Nire kasuan, abesti gogorrak eta lasaiak ditut. Bizitzako momentuaren arabera gauza bat edo beste idatziko dut. Lehen esan bezala, barruak hustutzeko modua da rapa, beraz, egoera txar batean egonez gero, abestiak horixe bera islatuko du.

Etorkizunari begira zein aurreikuspen duzue?

U.I: Kontzertu bat daukagu Alegin hilabete eta erdi barru. Rap gaua egin nahi zutela medio gurekin kontaktuan jarri ziren.

G.B: Agian, Donostiako Dabadaba kontzertu-gunean ere izango gara. Gutxinaka, mundu horretan murgiltzen ari gara. Espero dugu etorkizunean ere gauza gehiagotan parte hartzea eta gurekin harremanetan jartzea.

Youtube erakusleiho ona al da?

G.B: Egia esan, bai. Andoaingo bi gazte izateko nahiko ikustaldi ditugu, baina urrutiagora iristeko aukera edukiko bagenu, askoz hobe.

Amaitu aurretik, nola aurreikusten duzue Andoaingo Gaztetxean egingo duzuen kontzertua?

U.I: Izugarria izango dela pentsatzen dut. Lehen aldiz, gaztetxean izan ginenean, ez zen jende asko bertaratu, 50 bat lagun, baina oso giro ona sortu zen, lagunartekoa eta gertukoa.

Gorka Barreñaren "Jardala" Rodeo kantua entzungai

Unai Iglesiasen "Panther" Rawshot Vol.2 kantua entzungai:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!