Ostiralean eta larunbatean Outlet Kalean ekimena antolatu du Salkinek. Zer nolako egoera bizi duzue?
Otsaila hilabete eskasa da, tristea, Gabonetako kanpaina amaitu berritan. Salmenta aldetik, etenaldia eman ohi da, kasu gehienetan. Eta hilabete hasierako Outletak eroslea berriro erostera animatzeko aukera baliagarria izatea nahiko genuke. Beherapenak izan dira tartean, bai. Martxoa ate joka dugu, eta eta salerosketa berraktibatzeko indartsu ekin nahi diogu.
Zenbatek parte hartu, oraingoan?
Salkin elkarteko hogei merkatalgunek bat egingo dute ekimenarekin.
Zein produktu eskainiko dituzten aurreratzerik bai?
Denetik aurkituko du erosleak, datozen bi egunotan. Outlet Kalean ekimenaren bidez arropa eskuratzeko aukera izango da, nola ez, aldaera guztietan: barruko arropa, kirol arropa, jantziak haur nahiz helduentzat,... Askotariko eskaintzak aurkituko ditu erosleak. Hala nola, kirolean aritzeko zapatillak edo ezkontza baterako trajea. Gauza gehiago izango da, optikan betaurrekoak, koloniak eta norbera edertzeko produktuak lurrindegian... Zartagiak ere prezio onean erosi ahal izango dira.
Aipatu duzu otsaila hilabete txarra dela, merkataritzaren ikuspegitik. Joera hori hautsi nahi duzue, beraz.
Halaxe da, bultzada bat eman nahi diogu salerosketari. Urtaro aldaketa dator eta aukera polita da orain arte erosi ez duguna eskuratzeko.
Oro har, zein da egoera?
Azaroa eta otsaila hilabete txarrak izan dira. Gertuko zerbitzua eskaintzen dugu eta horri heldu nahi diogu, tokian tokiko dendaria garrantzi handikoa baita.
Gora Kaletxiki Txaranga
Musikaz beteko ditu kaleak, ostiral arratsaldean. 17:30ean hasiko dira, 19:30ak arte. Bitartean, produktu ugari prezio onean erosteko aukera izango da Andoainen.