KORRIKA Irundik abiatu eta biharamunean, martxoaren 15ean, Badon opera multidiziplinarra taularatuko dute Bastero kulturgunean, KORRIKA kulturalaren harira. Arratsaldeko 20:30ean hasiko da emanaldia, eta 6 euroko kostua izango du sarrerak.
Askotariko artistek parte hartu duten egitasmoa da Badon opera. Hala nola, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Marina Suarez eta Ines Osinaga igoko dira oholtza gainera. Egileen esanetan, nork bere burua “berpentsatzeko-berreraikitzeko” ariketa da Badon. Formatuari dagokionez, hainbat elementuk osatzen dute ikuskizuna, besteak beste: baliabide bisualek, zuzeneko musikak eta baita mugimenduak, literaturak eta bertsoek ere: “Badon opera posdramatikoa euskal kultura eta haren kanonak berrikustera dator. Jolasaren bitartez, etorkizun utopiko espekulatibo bat proposatzen du”.