Martxoak8 2024

Emakumeen esplotazio sexuala salatzen duen artisten erakusketa

Xabier Lasa 2024ko mar. 6a, 14:53

“Salerosiak. Esklabotasunera bidaiak” du izenburu Basteron zabaldu duten erakusketak, eta 42 artisten lanak biltzen ditu. Diziplina artistiko desberdinen eskutik emakumeek jasaten duten esplotazio sexuala salatu nahi du erakusketak. Kronika, argazki-bilduma eta bideoa, ikusgai:

Argazki-galeriako lehenbiziko argazkian, Basterora hurbildu ziren artista batzuk ageri dira: zutik, Marta Trutxuelo, Miren Atxaga, Marivi Ibarrola, Martina Dasnoy, Itziar Gutierrez eta Sara Beiztegi. Makurtuta: Maddi Trutxuelo, Nerea Uralde eta Rosa Zozaya.

Erakusketa apirilaren 20a bitarte egongo da zabalik.

Guztira, arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen diziplinetan 42 artisten artelanak biltzen dira Basteron, eta horietatik, bost andoaindarrak dira: Rosa Zozaya, Maddi Trutxuelo, Marta Trutxuelo, Nerea Uralde eta Itziar Gutierrez.

“Salerosiak. Esklabotasunera bidaiak” erakusketa EmPoderArte, Nazioarteko Emakume Artisten Elkarteak eratu du. Indarkeria matxistaren aurka eta emakumeen kultur eta arte ekimenak ikusaraztearen alde aritzen den elkartea da. Elkarteak emakumeek egindako artea adierazpide gisa erabiltzen du agerian uzteko emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinak.

Basteron ipini duen erakusketak, zehazki, prostituzioaren errealitatea islatu nahi du, eta bere abolizioa aldarrikatzen du. Joan den ostegunean egin zen erakusketaren irekieran, Erakundeko presidentea den Sara Beiztegik hitza hartu zuen, eta saldu edo erosi ondoren esplotazio sexualera bideratzen dituzten emakumeen (gazte zein heldu) errealitatea izan zuen mintzagai. “Matriarkatuak, hasiera-hasieratik zerbait garbi uzten badu, emakumeak gizaki sexualak garela da. Eta emakume bat dagokiola gizon bakoitzari, eta hainbat emakume gizon askorentzat. Prostituziora kondenatu behar dira azken emakume horiek”.

Prostituzioa munduko ogibiderik zaharrena dela dioen esaeraren aurrean matxinatu beharra dagoela adierazi zuen Beiztegik. "Ez da ogibidea, esplotazio hutsa da, XXI. mendeko esklabotza, naturalizatu egin dugun arren. Iraganean, Afrikatik EAEra esklaboak eramaten zituzten bezala, orain gauza berbera gertatzen da munduko hainbat herrialdeetako emakumeekin, eta gugana ekartzen dituzte. Urrutira gabe, Estatu espainiarrera, Euskadira. Europako rankingean, lehenak gara, eta hirugarrengoak mundu mailan, Costa Rica eta Thailandiaren ostean”.

 

Prostituzioa abolitzearen alde

Abolizionismoaren alde agertu zen Beiztegi: “begiak ireki, eta prostituzioaren abolizioa eskatu behar dugu; proxenetak eta putazaleak zigortu behar dira; prostitutei laguntza eskaini behar zaie bizimodu horretatik irteteko aukerak eduki ditzaten”.

Erakusketako 42 artisten artetik, Amelia Tiganusen artelana nabarmendu zuen: “Tiganus bizirik irten da mundu horretatik, eta abolizionismoaren aldeko aktibista bilakatu da. Lau minutuko ikus-entzunezkoa eratu du, eta ezin egokiago azaltzen ditu arrazoiak. Merezi du lau minutu eskaintzea muntai horri”.

 

Andoaingo bost sortzaile, erakusketan

Herriko bost sortzaileek ere badute tokia erakusketan. Nerea Uralde, Rosa Zozaya, Maddi Trutxuelo, Marta Trutxuelo eta Itziar Gutierrez dira horiek.

Gutierrez, Trutxuelo, Zozaya eta Uralde

 

Nerea Uraldek “Eguzkirik gabeko loreak” eraman du erakusketara. Itxaropenaren aldeko mezua zabaltzen du, lan grafiko batekin. Hots, emakumea iluntasunean egon arren, dagokion tokia topatzeko, duintasunaren eta askatasunaren aldeko borroka aldarrikatzen du.

Maddi Trutxuelok (“Haremuinak ameskerietarantz”) lagunei ateratako irudiak hartu ditu abiapuntutzat. Emakumeek gorputzekin egiten dituzten mugimendu askatzaileak deskribatzen dituzte zianotipiek, eta merkatuetan-eta salgaiak garraiatzeko erabiltzen diren kaxetan daude zintzilikatuta. Erakus-lanari, Marta Trutxueloren poema erantsi dio.

Rosa Zozayak (“Hautsia I eta hautsia II”), abstrakziora jo du emakumeen esplotazio sexuala salatzeko orduan, argazki digitalak erabiliz. Emakumeen trafikogileek ikusi nahi ez dituzten gizaki horien osotasunean, bere kezka, pentsamenduak, sufrimendua... islatu nahi du, era metaforiko batean.

Itziar Gutierrezek (“Evaren alabak”), Evaren eta bekatuaren ikonografiatik abiatuta, emakumeak artearen historian izan duen errepresentazioan hausnartzen du, eta emagaldutzat jo izan den Maria Magdalenari ematen dio protagonismoa. Emakumeen askapen ariketa egin du koadro desberdinak batuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!