Errimekin jolasean, aldarrikapen feministez bete dira Andoaingo kale bazter guztiak. Bertso-triki poteoa izan da arratsaldean, herriko mugimendu feministak eta Punttuka Bertso Eskolak antolatuta. Hala, Lore Sarasola eta Aizpea Arruti musikarien doinuek lagunduta aritu dira Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe bertsolariak. Plaza Morean ekin diote hitzorduari, 18:30ean. Aldapan behera, geroz eta jende gehiago batu zaie eta abestu ez ezik dantzatzeko tartea ere izan da iluntzean. Horrenbestez, bezperan indarrak batuta, prest dira, jada, andoaindarrak biharko.