C2ak kaltetutakoen plataforma martxan da: "Datorren asteazkenean bilera irekia deitu dugu Bastero Kulturgunean. Orain arte egindako lanaren berri emango dugu. Kalera begira, isilik egon bagara ere, irailetik hona, lanean izan gara: Batzar Nagusietan alderdi politikoen ordezkariekin bilduz, udaletxeak deitu duen mahaian parte hartuz, eta herritarrei begira informazio-mahaia eta kotxe-karabana antolatuz. Egindako lanaren berri eman eta gauden lekutik urrats berriak eman nahi ditugu".
Aldaketa nabarmena dago bozeramailetzan. Eta, horrekin batera, plataformaren lan egiteko modua aldatu egin dela diote: "Bi alor nagusi garatzen ari dira. Bata, estrategikoa. Eta, bestea, teknikoa. Bigarren horretan, arkitektoak eta ingurumen-adituak agentziakoak elkartzen dira. Andoni Etxezarreta da lantalde horren burua". Etxezarreta bera eta Edurne Ustaritz dira Udalak deitu duten mahaira plataforma ordezkatzen duten bi kideak.
Alor teknikoan zertan ari den azaldu du Etxezarretak: "Udalak egitasmo alternatiboaren lizitazioa atera du, eta gure zeregina horren jarraipena egitea da. 2008tik hona idatzi diren dokumentuen eta egin diren azterlan ezberdinen irakurketa egin da. Udalak lizitazioa atera du eta horren jarraipena egiteko taldea bat osatuta eta hezita egotea beharrezkoa dela deritzogu. Bereziki, garaia iristen denean, proposamenaren irakurketa eta azterketa kritikoa egin eta ekarpenak bideratzeko. Aurretik egindako azterketa ondo landuta izatea garrantzitsua da".
Datuak eskuan, bileraz bilera
Plataformako bozeramaileek oinarri sendoa eman nahi diote beren argudioei, eta zer hobea datuei erreparatzea baino: "Aldundian egin ditugun bileretara datuak landuta joan gara. Izan dezakegu iritzi subjektiboa gaiaren gainean, baina bileretara datuak eraman ditugu. Esaterako, zaratari buruzko oso datu zehatzak eraman ditugu", dio Etxezarretak. Emaitza uste baino okerragoa dela eransten du Ustaritzek: "Bazkardo, Mimendi eta Aita Larramendi Ikastola inguruetan, gau eta egun, zarata onargarria den maila gorenera iristen da. Baita Sorabillako eremuan ere. Igandea nahiz astelehena izan, berdin du. Pentsatzen genuena baina askoz okerragoa da egoera". Kutsaduraren eragina aztertzea bihurria da. Nondik begiratzen den. Etxezarretak: "Konplexuagoa da kutsadurarena. EAEko irizpideak malguak dira, 2030erako mugak ere ez dira zorrotzak. Aldiz, Europak nahiz OMSek ezarritakoa zorrotzagoa da".
Auziari irtenbidea emateko garaian, bi jokaleku ditugu une honetan. Hasteko eta behin, Andoainen osatu den mahaia. Plataformatik diotenez, "mahaian talde politiko guztiak daude ordezkatuta. Baita Sorabillako auzotarrak eta Aita Larramendi ikastola ere. Positiboa da denok ordezkatuta egotea. Bilera horietan tonu eraikitzaile bat dago eta ez da trabak jartzeko girorik sumatzen".
Bigarrena, Gipuzkoa mailan dago. Eta bertan ireki daitekeen fasea interesez jarraitzen du Etxezarretak: "Udalak proiektu alternatiboa idaztea lortzen baldin badu eta Aldundiak ez badu horren aurka egiten, iritsi daiteke unea zeinean bi egitasmo izango diren. Maila bertsuan izango dira bi proposamen, bata eta bestea kontrastatu ahal izateko. Horrek beste egoera batera garamatza".
Foru Aldundiaren egitasmoa lehenago iritsi daiteke. Denbora falta aitzakia izan daiteke Andoaingo Udalak bideratu dezakeen hori berandu datorrela argudiatzeko? Edurne Ustaritzek: "Garbi dugu konpetentzia norena den, baina Andoaingo herriaren beharra ikusita presaka ibiltzea ez da ona. Denbora eskatu dugu Andoaingo Udaletik lantzen ari diren egitasmoa burutzeko". Plataformak egiten duen lana berresteko aukera baliatu du Etxezarretak, une horretan: "Ubarretxena eta Asensio Foru Diputatuekin eginiko bilera banatan trafikoa antolatzeko eskumena eurena dela aitortzen diegu. Baina gu Andoaingo bizilagunak gara eta trafiko horren ondorioak nozitzen ditugu. Eskubidea dugu trafiko horri buruz iritzia emateko eta badirela beste modu batzuk egiteko adierazteko".
Zertan da plataforma?
Ainhoa Aiertzak plataformaren garrantzia nabarmendu du: "Askok uste zuen auzia amaitu zela, baina ez da horrela. Aldundiak exekuziorako egitasmoa noizbait aurkeztuko du eta, berriro, alegazioak lantzeko eta Andoaingo interesak defendatzeko unea iritsiko da".
Herritarren aurrean martxan daudela erakutsi duten arren, egindakoa eta egitera dena azaltzeko unea dela dio Edurne Ustaritzek: "Auto-karabana inflexio-puntua izan zen, hor gaudela adierazteko baliagarri izan zena. Martxoaren 13ko bilera garrantzitsua izango da, egin duguna azaltzeko eta dugun informazioa partekatzeko. Gure helburua auzia Andoaindik Gipuzkoa mailara hedatzea da. Herri arazo hau, eta trafikoan sortzen den korapiloa ez da gure arazoa, andoaindarrona, Gipuzkoa osokoa baizik".