Martxoak8 2024

Zuena elkartea, buru belarri martxoaren 8ko ekitaldi-sortaren harira

Aiurri 2024ko mar. 8a, 14:17

Zutik, Maite Arroyo, Mari Karmen Caballero, Alazne Saez, Pepi Martinez, Ainhoa Antoñana, Idurre Pontesta eta Arantxa Gomez (lehendakaria). Makurtuta: Ika Fernandez eta Begoña Diez

Zuena Emakumeen Topalekua martxoaren 8ko ekitaldien antolaketan parte hartu ohi duen elkarteetako bat da. Topalekuko kideek ekitaldietan modu batera edo bestera kolaboratuko dute (antolakuntzan, fit gipsy dance eta zumba erakustaldiak eginez...), eta gainera, propio, bi ekitaldi antolatu dituzte: Emakumeen Bazkaria larunbatarekin, eta El parto antzerkiaren emanaldia Basteron asteartearekin.

Zuzendaritzako kideek adierazi dutenez, Oianume jatetxean egingo den bazkarirako txartel guztiak saldu dituzte jada, eta astearteko El Parto antzezlana ikusteko, egunean bertan leihatilan jarriko dira sarrerak, 5 eurotan. Biltzen den dirua guztia, bularreko minbizia jasaten duten emakumeen alde lanean ari den Kattalin elkartearentzat izango da.

Umorezko komedia da, gaztelaniaz antzeztuko da, eta familia tradizional baten baitan genero ikuspegiko baloreak txertatu ahal izateko sortzen diren zailtasunak kontatzen ditu. Horrela, hainbat arlo ukitzen ditu komediak: feminismoa, matxismoa, maskulinitate berria, rolei eta plazerari buruzko mito faltsuak, sexu-aniztasuna, etab.

Zuena elkartearen zuzendaritzako kideek herritar guztiei luzatu die gonbidapena, ikusi dezaten Ordiziako Urrup taldeak Basteroko oholtzara eramango duen antzezlana, eta batipat, parte-har dezaten Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, egunotan antolatu diren ekitaldietan.

 

Emakumeen formakuntzarako elkartea

Andoaingo emakumeei formakuntzan eta aisialdian aukerak eskaintzeko sortu zuten orain 20 urte Zuena Emakumeen Topalekua herriko hainbat emakumek, eta egun, 130 bazkideek osatzen dute.

Ekitaldi-sorta abian jarri du aurtengo denboraldian ere, elkarteak. Besteak beste, egundoko arrakasta daukaten ikastaroak: fit gipsy dance, sebillanak, zumba, yoga, pilates, abdominal hipopresiboak, eta, GAP (gluteoen, abdominalen eta zangoen lanketa).

Lau irteera egiten dituzte urtean barrena, eta hain justu oraintxe, apirilean, Bizkaira egingo duten txangoaren azken detaileak lotzen ari dira. Emakumeen eta askatasun publikoen aldeko borrokalari sutsua izan zen Dolores Ibarruri Pasionaria izango du jomuga bisitak. Gallarta bere jaioterrira hurbilduko dira, eta haren omenezko oroitarria bisitatzeaz gain, inguruko herrietara luzatuko dute egun pasako kultur-txangoa.

Bestalde, esan beharra dago herrian urtean barrena antolatu ohi diren hainbat ekitaldietan kolaboratu zaleak izaten direla elkarteko kideak. Horien artean, aipatzekoak dira adineko jendea elkartzea, elkar ezagutzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu duen “Ibili Andoain” ekimena, edota, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan egiten diren ekitaldietan.

 

Egoitza, Extremadura kalean

Hasieratik, Extremadura kalean eduki dute egoitza. Ekitaldiak burutzeko espazioaren aldetik, nola edo hala moldatu izan dira betidanik; batez ere parte-hartzaile ugari dituzten ikastaroekin izaten dituzte komeriarik handienak.

Aurtengo denboraldian, esate baterako, zumba eta sebillanak Anbrosia Olabide eraikinera eraman behar izan dituzte, Andoaingo parrokiak utzitako geletara hain zuzen. Egoitzaren kokapena ere ez dela egokiena aitortzen dute. Izan ere, ezkutu samarrean geratzen baita, Extremadura kalearen eta Galardi kalearen artean.

Zuena elkarteak Andoaingo emakume guztientzat ateak zabalik dauzkala azpimarratu nahi izan dute zuzendaritzako kideek, azkenik.

Zuzendaritzako kideak, elkartea egoitza kokatzen den kale estuaren hasieran

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!