Udalak eta UNICEFek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Haurren Hiri Laguna ekimenaren esparruan

Aiurri 2024ko mar. 11a, 14:49

Hitzarmen ekitaldian parte hartu duten Udaleko eta UNICEFeko ordezkariak, elkarrekin (Argazkia: Andoaingo Udala)

Andoaingo Udalak herrian bizi diren haur eta nerabeen eskubideak bultzatzeko hainbat konpromiso hartu ditu, UNICEF elkartearekin sinatu duen Haurren Hiri Laguna izeneko hitzarmenaren eskutik. Gaur eguerdian egin dute hitzarmenaren sinatze ekitaldia.

Sinatze ekitaldira, Andoaingo udaleko ordezkari politikoak eta teknikariak, eta UNICEFeko ordezkariak bildu dira.

Bertan izan dira, hain zuzen: Andoni Alvarez alkatea, Haizea Barandiaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Maider Lainez eta Arkaitz Alkain PSE-EEko zinegotziak, Txitxu Ruiz EAJ-PNVko zinegotzia, Tere Santana Elkarrekin-Podemoseko ordezkaria, Arantxa Alkorta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, Ibai Narbarte Tratu On programako koordinatzailea, eta UNICEF Fundazioko Euskal Herriko Batzordeko kide diren Antonio Madariaga presidentea eta Marga Moran teknikaria.

 

Haurrei entzuteko premiaz

Andoni Alvarezek bereziki pozten duen hitzarmena dela aitortu du hitzartzean, “bizi garen jendartearen parterik behinena, edo behinetako bati begira sinatzen dugun hitzarmena delako: haurrei begirako sinadura bat delako. Hor daudelako, baina autokritika eginez, onartu behar dugulako maiz ez ditugula haurrak ikusten”.

Haurrei entzutea dela hitzarmenaren helburu nagusia azpimarratu Alvarezek. “Haurrak ikusten ditugu, entzuten ditugu, hor daude; baina ez ditugu aditzen, edo ez ditugu aditu izan. Beraiek inork baino hobeago adieraziko digute zer den nahi dutena, zer den euren beharrak aseko dituen hiri eredua. Bada, helburu hori du gaur sinatzen dugun hitzarmenak”.

Alvarezen ustetan, helduek, beren haurtzaroaz nork bere bizipen propioak eduki arren, bat egingo dute honako ikuspegiarekin, alegia, “egungo hiriak ez direla haurraren begietatik edo prismatik eraikiak, diseinatuak eta garatuak izan”.

Eremu publikoa haurren mesederako berreskuratu behar dela aldarrikatu du Alvarezek: “Kotxeak, eraikinak, hormak edonon dauden espazioetan bizi garen honetan, ezinbestekoa dugu eremu publikoa berreskuratzea haurrentzat: jolas dezaten, eskolara bakarrik joateko aukera izan dezaten, segurtasunez bizi daitezen, elkartrukerako espazioak izan ditzaten… Alegia, kaleak eurenak ere izan daitezen”.

 

Udalak hartzen dituen konpromisoak

Aurkezpenean, Andoni Alvarez alkateak hitzarmenaren bitartez Udalak hartzen dituen konpromisoak gogorarazi ditu. Lau, bereziki.

Lehenbizikoa, haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioaren inguruan, “andoaindarrak, eta bereziki bertako haurrak, informatu eta sentsibilizatzera bideratutako ekintzak gauzatzea, eta horretarako, dibulgazio eta prestakuntzarako ekintzak eta kanpainak egitea”. Besteak beste, Haurraren Munduko Egunaren (azaroaren 20) ospakizuna sustatzea.

“Haurren partaidetza aktiboa eta esanguratsua” sustatzearekin du zerikusia bigarrengo konpromisoak. Alde horretatik, udalak lan egingo du “haurrek eta nerabeek zuzenean eragiten dieten gaiei buruzko proposamenak egiteko guneak izan ditzaten. Proposamenak horiek kontuan hartuko ditugu, eta mekanismoak eta guneak edukiko ditugu haurrei eta nerabeei beren proposamenen egoeraren berri emateko”.

Udalak, bestalde, ahalegin guztiak egingo ditu “haur eta familientzako ekintza-programak sustatzeko, kolektibo kalteberenei eta gizarte- bazterketa arriskuan daudenei arreta berezia eskainiz, hau da, beren ekintzak ekitatearen ikuspegitik abiaraziko dituzte”. Alde horretatik, haurren aldeko ituna lortzen lagunduko du Udalak.

Azkenik, Andoaingo Udalak konpromisoa hartu du bi urteren buruan “bitarteko txosten bat egiteko eta aurkezteko, datuetan eta adierazleetan oinarritua, Haur eta Nerabeen Tokiko Planean ezarritako lorpenei eta helburuei dagokienez izandako aurrerapenen berri emateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!