Otietako tunela udarako irekitzea espero dute, obraren konplexutasuna dela eta

Aiurri 2024ko mar. 12a, 10:14

Bere segurtasuna bermatzeko konponketa lanak egiten ari dira azken asteetan. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, “hasiera batean exekuzio epeak laburragoak ziren arren, lanen konplexutasunak epeen atzeratzea ekarri du, eta gaur gaurkoz ezin liteke adierazi noiz amaituko diren”. Argazki-bilduma eta bideoa (obretako teknikariarekin egindako bisita), ikusgai:

Nolanahi ere, gauzak ondo bidean, eta kontuan hartuta aurreikuspenik okerrenak, udan tunela zabalik egon ahal izatea espero du udalak.

Lanen konplexutasuna epeen erritmoa markatzen ari dela gaineratu Udalak. Konponketa lanak hasita, “ezusteko berriak agertu dira, eta horiek maila goreneko segurtasuna eta zuhurtzia eskatzen dute bere exekuzioan”.

Tunelaren gaineko lurrak eta bertan sortzen den hezetasunak eragin du tunelaren goikaldean luiziak izatea, eta harri-erorketak gertatzea, azken bi urtetan.

 

2022ko ekainean itxi zen lehen aldiz

Zehazki, 2022ko ekainaren 17an itxi zen lehen aldiz tunela, bere egiturako zatiak erori zirenean. Tunelak adreilu porotsuko estaldura dauka, eta hori dela, gainera datorkion ura iragazi egiten da, eta isuri lurrera, zenbait zatitan. Bada, behin-behineko babes elementu bat jarri zen orduan, hilabete baten buruan. Euste-funtzioa bete zuen, eta Plazaolako ibiltari eta gainerako kirolari eta naturazaleei tunela bermeekin zeharkatzeko aukera eman zien.

Handik denbora batera, 2023ko otsailean, udalak Construcciones Zubiederri adjudikatu zizkion lanak, 40.000 euroko aurrekontuarekin. Maiatzean lehen konponketak eginda, zuzendaritza teknikoak elementu ezegonkor berriak identifikatu zituen tunelaren beste 30 metrotan, 15 metro dituzten bi zatitan.

Proiektua berria idatzi behar izan zuen Udalak, 220.000 euroko kreditu aldaketa izapidetuta.

2023ko abuztuaren 28an ekin zieten konponketa berriei. Lan berri horiek hilabeteko iraupena izango zutela aurreikusi zuten arren, lanei ekin ahala, tuneleko zapaian adreilu porotsu eta ezengorkor gehiago identifkatu zituzten.

Plazaolako bidearen erabiltzaileek ibilbide alternatiboak erabili dituzte Leizarango bailarara hurbiltzeko geroztik, Lizarkolako kanala -oinezkoek batik bat-, edo Leitzarango GI-3091 errepidea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!