"Egun mendi-gidaria naiz Himalaian"

Xabier Lasa 2024ko mar. 15a, 07:00

Mendebaldetarron bizi-baldintza erosoak saihestu, eta, 2006ko urrian, bizikleta hartu, eta helmugarik gabeko ibilaldia egitera abiatu zen, munduan barrena Aitor Iginitz Oiartzabal andoaindarrak.

Geroztik, Europa, Asia, Afrika, Amerika eta Ozeaniako 70 herrialde zeharkatu, 140 milatik gora kilometro egin, eta munduari hiru bira eta erdi egin ostean, Himalaiako lurretan sustraiak bota dituela dirudi, nomada izateari kito esanda.

Urigain kultur etxean, IÒaki Eizmendi hernaniarrek eta Oskar Sanchez, Joxelu Zuriarrain eta Alfredo Rodriguez andoaindarrek Kanchenjungako eta Annapunako trekkingak hizpide izan zituzten otsailaren 28an. Aitor Iginitz izan zuten mendi-gidari.   

Izpiritu librekoa, bai, baina jada Himalaian asentatuta?

Baietz esango nuke! Mentalizatuta nago horretarako, nahiz eta, akaso, hemendik bizpahiru urtetara, berriz ere erabaki nire bizitza iraultzea (barreak). Katmandun bizi naiz egun, trekking alternatiboak antolatu eta mendi-gidari gisa bizimodua ateratzeko asmotan nabil. Tarteka, urtean bizpahiru hilabetez, Andoainera itzultzen naiz, niretarrekin egotera, gurasoekin batez ere.

Zurekin Himalaian oso gustura ibili zela aitortu zuen laukoteak, Urigaingo hitzaldi eta argazki-proiekzioan.

Ni ere pozik ibili nintzen laukotearekin. Jakitun ziren zein baldintzetan antolatzen ditudan bidaiak, eta ederki moldatu ginen. Jakina, mendi-gidaritza bizimodua ateratzeko modua bilakatu da niretzat; baina, hala ere, gogo onez egiten dudan eginkizuna da. Izugarri asebetetzen nau. Badakizu zer den, hemengo mendizale bat pozez zoratzen ikustea, “hauxe zen nire bizitzako ametsa!” esaten duen bitartean? Urtetan aurrezten ibili eta gero, Himalaiara joan, eta bizitzako ilusioa kunplitzen ari zaienean, bada, zer nahi duzu esatea. Polita da une majiko horiek partekatzea!

Urigainen aipatu zenuen zure eskaintzak ez duela zerikusirik agentzia tradizionalen filosofiarekin.

Argi daukat, ezin dudala lehiatu agentzia handiekin, ezta nahi ere! Nahi duenak erraz bila dezake bidaia merkeagoa, eta etxeko erosotasunez beterikoa gainera. Izan ere, Himalaiako trekkingak izugarrizko negozioa bilakatu dira. 2023an marka guztiak hautsi zituen Ameriketatik, Europatik, Indiatik, Japonetik edo Koreatik doan turismoak, eta, urtez urte, handitzen joango dela aurreikusten da. Ederki zabalduta dago mezua, alegia, dirua edukiz gero, ahalegin fisiko gutxirekin, etxeko erosotasun berberekin kasik eta epe laburrean, Himalaiako parajerik zoragarrienetara iritsi eta bertan selfia egin daitekeela.

Nire eskaintzak baditu aparteko ezaugarri batzuk: hala nola, bidaia Katmanduko aireportuan hasten denetik bukatzen den arte tratu pertsonal gozoko gidaria edukitzea ondoan; gidaria euskal hiztuna izatea; ondo planifikatutako (altitudeak eragindako buruko gaixotasuna ekiditeko aklimatazioa, batik bat) bidaia ziurtatuta edukitzea; tramiteak, baimenak edo aterpeak kontrolpean edukitzea; bertako herritarrekin tratua edukitzea eta beren egunerokotasunean eta kulturan zerbait murgildu ahal izatea; bertako zamaketariei arauz ezarrita dagoen huskeria baino zerbait gehiago ordaintzea...

Saiatzen naiz transmititzen hemendik hara goazenok Himalaiako jendea modu duinean eta errespetuz zaindu behar direla; izan ere, haien baliabide naturalekin gozatzera goaz, eta nolabait, beren egunerokotasunean ahalik eta trabarik gutxiena eragin beharko genieke. Guztiok dauzkagu kontraesanak, baina gutxieneko etikarekin jokatuz, saia gaitezke himalayismo merkantilista saihesten…

Pertsona arruntek, pixka bat prestatuz gero, Himalaian zeharkaldiak egin ditzaketela adierazi zuen laukoteak Urigainen.

Halaxe da. Ez da egundoko prestakuntza fisiko edo teknikorik eduki behar. Gertuko mendietan, Adarran edo Txindokin dabilenak, bospasei orduko zeharkaldiak egitera ohituta dagoenak, aisa egin ditzake Himalaian trekkingak.  Hori bai, nik behintzat, bi gauza estimatzen ditut gehien hara doanengan: batetik, giza-jarrera, hots, prestutasuna edukitzea hango paraje naturalez, jendeaz, koloreez gozatzeko eta zeharkaldian sortzen diren gauza txikiak baloratzeko. Eta, bestetik, lagun-giroan ibiltzen jakitea.

Izan ere, egun, diru pixka bat edukita, gauzak di-da batean egin ditzakezu. Hots, Euskal Herritik bertatik hartu dezakezu hegaldia ostiralean, gero Katmandun helikopteroa hartu eta Annapurnako oinarrizko kanpalekura iritsi, ordu erdiko ibilaldiaren ostean Annapurnako hegoaldeko zirku ezin ikusgarriagoaren parean jarri, selfia atera, eta astelehenerako etxera itzuli. Bidai espres hori egin liteke, bai, baina barne-barnean iltzatuta geratuko zaizun bizipena izango al da hori, benetan?

Nola zara hurrengo aste eta hilabeteetan?

Jada, Hernaniko zortzi lagunekin Manasluko trekkinga maiatzean egiteko konpromisoa hartuta daukat. Udan, Indiako iparraldean, Tibeteko goi-lautadaren jarraipena den Ladakh izeneko eremuan, Indiako iparraldean, beste trekkinga gidatuko dut. Bizikletan munduan barrena urtetan bidaide izan nuen Laura Martinezek atseden-etxe bat kudeatzen du han, eta bertako mendi-zeharkaldiez arduratzen naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!