SAPAko langileak manifestazioa egin dute "Aperribay paktua bai" lemapean

Aiurri 2024ko mar. 19a, 12:58

SAPAko langileak kalera irten dira 2012tik berritu gabe dagoen paktoa berritzea eskatzeko. Enpresatik irten dira manifestazioan hamarnaka langile, "Aperribay paktoa bai" oihuekin.

Honako ohar hau zabaldu dute SAPAko langileek:

Andoaingo Sapa Operaciones enpresako Paktua berritu gabe dago 2012tik. Soldata alorrean igoerak adostu badira ere urte hauetan enpresak ez du bestelako negoziaketetan sartu nahi izan. Aurtengoan negoziaketek aurrera egin behar zutela adierazi genion enpresari baino legeak gutxienez derrigortzen duena soilik aplikatuko duela argi utzi digu.

Hori guztia dela eta, bilera ugaritan negoziaketarako eskari irmoak egin dizkiogu Enpresari. Gure eskakizunei uko egin dienez, Komiteak adierazpen bat egin zuen enpresa atarian egindako kontzentrazio batean non, SAPAko Zuzendaritza negoziaketa mahaian eser zedila exijitu genuen. Mugimendurik egon ez zela ikusi genuenean langileok elkarretaratzea egin genuen Andoaingo Plazan “ Aperribay, SAPAn 2012tik Pakturik gabe”.

Salatu nahi dugu, Enpresako jabea den Aperribay jaunak harrotasun handiz dio SAPA punta-puntako enpresa dela eta nazioartean erreferentea dela. Gure lan baldintzak aldiz, puntakoak izatetik oso urrun daude eta langileon haserrea geroz eta nabariagoa da.

Enpresak jarritako oztopo guzti hauei aurre egiteko langileok GREBA MUGAGABERA jotzea erabaki genuen eta beraz, SAPA OPERACIONES enpresa itxita dago Martxoaren 7tik. Grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da tailerrean eta langile batzuk telelana egitea erabaki dutela baldin badakigu ere, produkzioa guztiz gelditua dago azken 13 egunetan.

Mobilizazio desberdinak egin ditugu egun hauetan, hala nola manifestaldiak, Kotxekarabanak zein elkarretaratzeak Errealak jokatutako partida desberdinetan. Gaurko manifestaldian grebalariez gain Andoaingo bizilagun desberdinek lagundu gaituzte eta beraz langileok indarrez jarraitzen dugula adierazi nahi dugu eta gure eskaeratan berresten garela. Mobilizazio hauekin jarraituz Bihar Donostiako Bulebarrean elkartuko gara gure eskakizunak ezagutarazteko.

Enpresari ozen esan nahi diogu, ez dugula Lan zein Soldata Diskriminaziorik onartuko eta dagokiguna lortu arte Borrokan jarraituko dugula.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!