Martxan da Sanjuanetako txupina nork jaurtiko duen erabakitzeko prozedura

Aiurri 2024ko mar. 19a, 13:18

Aurten ere, herritarrek proposatu ahal izango dute Sanjuanei hasiera emateko Udaletxeko balkoitik botatzen den suziria edo txupinazoa nork edo nortzuk botako duten.

Hautaketa prozedura bi pausotan egingo da, ohi moduan; lehen urratsean edozein herritarrek edo taldek egin ahal izango du proposamena. Kontuan hartu beharko du, besteak beste, proposatzen duen talde edo pertsonak oraingo edo lehengoko Sanjuanen inguruan inplikazio nabarmena eduki behar izan duela edo Andoaingo jaien inguruan lan nabarmena egitea edo egin izana sustatzaile, parte-hartzaile, hedatzaile moduan edo herriko kultur bizitzako sustatzaile izatea edo parte-hartzailetza nabarmena izatea. Proposamenak martxoaren 15etik apirilaren 12ra arte aurkeztuko dira Bastero kulturgunean, Atarian edo Anbrosia Olabide zentroan edo udaleko webgunean www.andoain.eus egongo den formularioa osatuz.

Bigarren urratsean, Jai Batzordeek osatzen duten taldeek egingo dute bozketa. Apirilaren 22ra arte izango dute epea zerrendako hiru hautagai bozkatzeko 5, 3 eta 1 puntuekin. Bozketa Bastero kulturgunean edo kultura@andoain.eus posta elektronikora bidali ahal izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!