"Hirigintza plana jokoan dago"

Aiurri 2024ko mar. 21a, 15:14

CII Ez Plataformako hainbat kide

Andoain-CII Ez Plataformak herritarrak bilera irekira deitu zituen Basteron, martxoaren 13an. Trafiko arazo larriaren harira, orain arte eman diren gertakarien kronologia gogoratzeaz gain, egun egoera zertan den deskribatu zuten Plataformako kideek. Erreportajeaz gain, hitzaldi osoa bideoz, ikusgai: 

2011ko egitasmoa aztertzeko eskaera

Plataformako Edurne Ustaritzek, hemerotekara jo zuen lehenbizikoz, Basteron bertaratu zirenei oroimena freskatzeko asmoz. Horretarako, Aldundiak 2011n aurkeztu zuen saihesbidearen proiektua hartu zuen ahotan: “Markel Olano Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia azpiegituretako diputatuak esan ziguten herritarrak eta andoaindarrak erdigunean jartzen zituen proiektua zela, herriko arazoen konponbidea zela.

Prentsan ere oihartzun handia eduki zuen proiektuaren aurkezpenak, eta, besteak beste, Nafarroako prentsak ederki txalotu zuen, esanez behingoz N1eko errebueltak saihestu ahal izango zirela, denbora aurreztea ekarriko zuela, Donostia eta Iruñea modu eroso batean batuko zituela, eta abar”.

Plataformako kideek argi adierazi zuten 2011an Aldundiak onetsi eta Andoaingo udalak Hiri Antolamendu Plan Orokorrera (HAPO) bildu zuen saihesbidearen proiektua oinarri hartzea litzatekeela irtenbiderik egokiena, behar diren moldaketak eta eguneraketak eginda.

Andoni Etxezarreta Plataformako kideak, 2011ko proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. “Saihesbide hark errepidea Belkoain aldera eramaten zuen, eta aukera paregabea ematen zuen herriak irabazi zitzan egungo azpiegiturek okupatzen dituzten lur sailak; bost hektarea irabaziko genituzke hain zuzen, hara eraman ahal izateko herriaren onurarako hainbat ekipamendu eta bidegorria. Gainera, HAPOk 2.000 etxebizitza aurrikusita zeuzkan, eta horietatik 1.000 Ama Kandida etorbideko eta SAPAko guneen artean. Egun, Ama Kandidako hirigintza proiektu garrantzitsua garatzen ari diren arren, herriko hainbat eremuekin konexio errazik ez zaio aurreikusten, CII proiektuak aurrera egingo balu”.

Mugikortasun alternatiboari dagokionez, Urnietatik hasi eta ikastolako ingurutik igaro ostean, Adunara iristen den bost kilometroko bidegorria eskaintzen zuela 2011ko saihesbide proiektuak ohartarazi zuen Etxezarretak. “Era horretan, Andoainek 12 kilometroko bidegorri sarea beregana zitzakeen guztira, eta, Gipuzkoako sarearen ardatz nagusia Andoaindik igaroko litzateke”.

 

Baztertzeko arrazoi sendorik ez

2011z geroztik, urteak igaro ahala, ordea, proiektua baztertu egin zuen Aldundiak. Arrazoiak ez direla garbi argudiatu salatu zuten Plataformako kideek. “Proiektua gauzatzeko konplexutasun teknikoak, ekonomikoak edo ingurumenekoak aipatu izan dituzte. Baina, erabaki hori sostengatzen duen txostena eskatu zaienean, ez digute eman; badirudi ez duela existitzen. Egia esan, ez dugu argudio seriorik topatu desegokia zela sinetsi dezagun”, azaldu zuen Ustaritzek. Plataformaren susmoa zein den adierazi zuen Ustaritzek, segidan: “Gure ondorioa da aukera merke eta azkarra topatu dutela. Badirudi Europatik belarri tiradizoa jaso dutela auto pilaketa jasanezina dela eta. Guztiok aztoratzen gaituen gaia da hori dena esatera, eta Aldundiak irtenbide azkarrenari eta merkeenari heldu dio”.

Gauzak dauden bezala, Ainhoa Aiertzak esan zuen edozein irtenbidek ez lukeela baliagarri izan behar. “Herriaren hirigintza plana jokoan dago, eta ez digu edozerk balio. Herri osoari eragiten dion arazoa da; erabat kolokan jartzen baitu bere etorkizun ekonomikoa, soziala... Arazoa Urumeako saihesbideak sortu zuen, ez Andoaingo herritarrek, eta orain ez da nahikoa Bazkardoko korapiloari eta auto pilaketari irtenbidea ematea, adabaki hutsa bilakatzea. Eraginkorra eta etorkizunekoa behar du izan irtenbidea, andoaindarrak erdigunean jarrita, ez horien gainetik pasata. Kontuan hartuta inbertsioaz ari garela, ez gastuez”.

Gipuzkoan abian diren beste zenbait proiektu hartu zituzten gogoan, Basteron egindako bilera informatiboan. Hala nola, Donostiako Metroa (180 milioi), Arrasate eta Elorrio batuko dituen Kanpazarreko tunela (120 milioi), Pasaiako 12 proiektu desberdin (162 milioi), Gipuzkoako AHTko zatia (1.983 milioi) edota, Zarautzeko saihesbidea (9 milioi). “Premiazkoak izango dira guztiak, jakina, eta bideratu dituzte horietara aurrekontuak. Bada, noizko andoaindarrontzat inbertsio publikoren bat? Geuk ere zergak ordaintzen ditugunez, ez al dugu merezi?’, galdetu zuen Aiertzak.

 

Alegazioei esker, CII-an ezarritako aldaketak

Aldundiak CII-a 2002ako udal lehen aldiz aurkeztu zuenetik udalak, herri elkarteek eta herritarrek aurkeztu izan dizkioten alegazioak ere aipagai izan zituzten Basteroko ekitaldian. Etxezarretaren hitzetan, “CIIak egungo errepideari eusten dio funtsean, A15a eta N1a lotzeko orduan. Egungo errepideari errei gehiago eransten dizkio, Bazkardo-SAPA aldean konexioa egiteko 700 metroko biaduktoa ezartzen du, Mimendiko etxebizitzen aurrean tunela ezartzen du… Bestalde, azken urtetan egin diren alegazioen eskutik, zenbait neurri zuzentzaile erantsi dizkiote, hala nola, Mimendiko parean Donostiako norabideko errepidea estalkia jarri diote, Ikastolako errebuelta zuzentzen dute pittin bat, Sorabillako sarbideak aldatu ditu...”.

 

Udalak onartutako bi mozio

Aldundiak C2 proiektua aurkeztu zuenetik, Plataformak aurkeztu eta udalak gehiengoz onartu izan dituen bi mozioak ere gogoan hartu zituzten Basteron. Bi mozioen eskutik Aldundiari jakinarazi zaio Andoainek trafikoarekin eta zaratarekin daukan arazoa larria, eta eskatzen zaio 2011ko aurren-aurreneko proiektuari eutsi diezaiola, gainerakoan, Andoaingo hiri garapena eta barruko mugikortasuna galarazten delako.

 

Udalaren eta elkarteen Lan-Mahaia

Udaleko ordezkari politikoek eta herriko eragileek (Ikastola, Sorabillako Auzo Elkartea, Andoain-CII Ez Plataforma) Lan-Mahaia osatu zuten 2023ko urrian. Hiru aldiz bildu dira dagoeneko, eta Etxezarretak artean eman diren urratsak azaldu zituen. “Udalak zenbait konpromiso hartu ditu mahaian. Bata, zarataren eta kutsaduraren neurketak egitea izan zen, eta egin dira. Zaratari dagokionez, emaitzek adierazten digute iraganeko datuek okerrera jo dutela. EAEko araudia kontua hartuta, herrian 150 etxebizitza daude, egun osoan eta egunero, arauek diotena baina zarata handiagoa jasaten dutenak”. Bestalde, Etxezarretak Ikastolako parean ipini diren pantailak izan zituen aipagai. “700.000 euroko inbertsioa egin da pantailekin, eta hobetu da egoera; nolanahi ere, ez gara iristen arauek markatzen duten estandarretara; dezibelioetan, bostetik gora daude Ikastolan”. Kutsadura atmosferikoa ere aipagai izan zuten Basteron. Usteritzek esan zuenez, “egin dute azterketa, baina zaratarena baino konplexuagoa denez gai hori, azterketa egin duen enpresak agindu digu, aurrerago, jendeaurreko aurkezpena egingo duela emaitzak eskuetan edukita”.

 

Proiektu alternatiboa aztergai

Madrilgo Kongresuan proiektu berri bat aztertzeko 2023rako onartu ziren 470.000 mila horiek nola kudeatuko diren ere mahaian aztertu dela eta proiektu berri bat aztertzeko prozesua martxan dela aitortu zuen Etxezarretak: “Oinarriek jasotzen duten baldintza bat da 2011ko saihesbideren proiektua oinarri izanda aztertu behar dela proiektu alternatiboa. Lehiaketara atera da jada, eta bi enpresa aurkeztu dira. Pozik gaude, ze beldur ginen ez ote zion inork erantzungo, jakinda enpresek administrazioarentzat lan egin ohi dutela, eta oraingoan, nolabait, zalantzan jartzen dela Aldundiaren proiektu ofiziala”. Urtea amaitu aurretik proiektu alternatibo hori gauzatuta egotea espero dute Plataformako kideek. “Hori gertatzen denean, Aldundiari eskatuko diogu bi proiektuak aldera ditzala, eta Andoaingo herriarentzat eta herritarrentzat mesedegarriena dena hautatu dezala, berari baitagokio eskumena”.

 

Herritarrek mugitzen jarrai dezaten mezua

Andoain CII-Ez Plataformako kideek, hurrengo aste eta hilabeteetan adi-adi egoteko mezua helarazi zien Basterora bertaratu ziren entzuleei, eta Andoaingo herritarri orohar. “Herritarren mobilizazioak, proposamenak, alegazioak..., orain arte baliagarriak izan dira, eta aurrerantzean ere bide horri eutsiko diegu”. Besteak beste, banderolak etxeetako balkoietan zintzilikatzeko deialdia egin zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!