Martxan da "Oporrak bakean" ekimena, Saharako haurrei harrera egiteko

Aiurri 2024ko mar. 25a, 08:06

Urtero legez, martxan da "Oporrak bakean" programa, Hurria Sahara elkartearen eta Andoaingo Udalaren ekimenez. Hala, zortzi eta hamabi urte bitarteko ume sahararrek, uztailean zein abuztuan, Euskal Herrian egoteko aukera izango dute, antolatzaileen esanetan, "oporrak bakean bizi ahal izateko, Tindoufeko errefuxiatu-kanpamentuetako baldintza gogorretatik urrun. Adin txikiko horiek, gure erkidegoko edozein pertsonak bezala, osasun-laguntza izango dute Osakidetzan".

Bere gain hartu ditu udalak adin txikikoen joan-etorri bidaiak, eta doakoa izango da beraientzat udalak antolatzen dituen haurrei nahiz nerabeei zuzendutako aisialdi-programetan parte hartzea, besteak beste, "Goazen jolastera", "Udan, kirola"...

Parte hartu nahi?

Familia hartzaile gisa izena emateko epea apirilaren 15ean bukatuko da. Informazio gehiago eskuratu nahi duten familiek Gizarte Zerbitzuetako 943304343 telefonora deitu beharko dute eta  Arantxa Alkortaz galdetu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!