Ekoturismo eskaintza indartu du Leitzaran Bisitarien Etxeak

Aiurri 2024ko mar. 27a, 11:09

Leitzaran Bisitarien Etxeak ekoturismo eskaintza berrituarekin eta erakargarriarekin ekingo dio bere jardunari udaberri honetan. Martxoaz geroztik, zerbitzu pertsonalizatuak eskainiko dizkie Leitzaran bailarara hurbiltzen diren pertsonei, baita informazio turistikoa eman ere. Aste Santuari begira, egunero izango da zabalik, eta, apirilean zein maiatzean, asteburuan irekiko ditu ateak, 10:30-18:30 ordutegiarekin.

Honatx eskaintzen dituen zerbitzuak:

Bizikleten alokairua
Leitzaran Bisitarien Etxea Leitzarango bide berdeari buruzko erreferentzia eta informazio gunea izango da, eta bailarako bidezidorrei edo Andoaingo udalerriari buruzko informazioa eskainiko du. Bizikletak garbitzeko zerbitzua, konponketak egiteko gunea eta BTT/MTB bizikletak alokatzeko zerbitzua (ohikoak edo elektrikoak) izango ditu.

Esperientzia gidatuak

  • Ferrata bidea: aurten ere ferrata bideko altuerazko ibilbide interpretatu gidatua izango da proposamen nagusietako bat. Bisita gidatu bat da, eta, aldi berean, ferrata-bidea egiten da. Ekintza gida batek lagunduta egiten da eta talde txikitan (gehienez, 5 persona talde bakoitzeko). Aldez aurretik online erreserbatu ahal izango da webgunetik. 35€ ko tarifa estandarra izango du, eta 14€-ko tarifa berezia andoaindarrentzat.
  • Orientazio zirkuituak: hiru zailtasun motarekin, tipologia guztietako bisitariei zuzendutako jarduera da (familiak, kuadrilak, taldeak). Bisitarien Etxean ematen den mapa baten bidez, bailarako txoko ezberdinak ezagutarazten dira. Mapan dauden argibideak jarraituta, adierazitako balizak aurkitu beharko dituzte parte-hartzaileek ahalik eta denbora laburrenean.
  • Bisita gidatu tematizatuak, oinez eta bizikletaz: bisita gidatuak eskainiko dira Leitzarango bide berdetik eta bailarako bidezidorretatik. Bisita hauek tematizatuak izango dira: fauna, flora, dantza, ohiturak, industria, mitologia...

Informazio guztia webgunean edo 943300920 telefonoan emango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!