Zuzendaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Agredako XVIII. Txapelketa “plataforma bikaina izan da Leizaran Eskubaloiaren taldeek eskubaloiarekiko duten talentua eta konpromisoa erakusteko, baina, batez ere, taldea letra larriz egiteko egunak izan dira”.
Zuzendaritzak zehaztu du ezohiko ligaren antzekoa izaten dela Agredan jokatzen den txapelketa, “talde bakoitzak ohiko maila bakoitzeko A eta B lerrokadurako jokalariak biltzen ditu, beraz, txapelketa honetan elkarrekin jokatzen dute. Horrek aukera ematen du elkar hobeto ezagutzeko, gauza berriak probatzeko, elkarri eragiteko, elkarrekin bizitzeko eta ahaleginak batzeko”.
Andoaindik Agredara urtero joan ohi diren zaletuak gogoan hartu dituzte Leizaran klubeko ordezkariek: “ Egun horietan, zaleek ere primeran pasatzen dute. Gurasoak, anai-arrebak, senideak eta lagunak talde guztiak animatzera hurbiltzen dira, betiere ordutegiek ahalbidetzen badute. Sortzen den giroa zoragarria da. “Agreda efektua” sortu ohi dela uste dugu, izan ere laguntasunak eta elkarbizitzak klub bezala hazi egiten gaituzte”.
Modu batera edo bestera Agredako txapelketan parte hartu duten guztiei zorionik beroenak luzatu dizkie zuzendaritzak, azkenik.
Leizarango sei taldeen denetariko emaitzak
Honatx talde bakoitzak egin duen ibilbidea, ospe handiko torneo horretan:
Jubenil mailako neskak bigarren sailkatu ziren, finalean Burlatako Malkaitz taldearen aurka galdu ostean.
Jubenil mailako mutilak finalerdietara iritsi ziren, bana ezin izan zuten finaleko txartela lortu, BM Tarazona etxeko taldea aurka 30-17 galdu eta gero.
Kadete mailako neskak, Almassora BM taldearen aurka 24-23 irabazi eta gero, zazpigarren geratu ziren.
Kadete mailako mutilek laugarrengo postuarekin konformatu behar izan zuten, azken partiduan BM Huarteren aurka 31-38 galdu ostean.
Azkenik, infantilen mailetan, neskak zazpigarren sailkatu ziren, eta mutilak zortzigarren.