Oroituzen ekitaldia, larunbat honetan

Aiurri 2024ko api. 11a, 07:37

Alfaro parkean, 'Goiztirian, arimaren garrasia' eskulturaren aurrean egingo dute ekitaldia, eguerdiko 12:00etan hasita.

Herrian eraildako eta desagerrarazitako hogeita bost lagunei ez ezik, bestelako errepresio motak (atxiloketak, langile bataloietan esklabutza, exilioa, ile mozketak, euskararekiko bazterketak, inkautazioak, isunak...) ere jasan zituzten ehunka herritarrei egingo zaie gorazarre. Horientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dute. Aldi berean, Andoaingo memoria historikoa berreskuratzearen alde testigantza eman izan duten eta azken urtean zendu diren pertsonei esker ona azaltzeko probestuko dute ekitaldia; hain zuzen, Rosarito Urretabizkaia eta Mikel Ansa dira horiek.

Azken urtetako ohiturari jarraiki, Maizorri txalaparta eskolako, Urki dantza taldeko eta Punttuka bertso eskolako kideek parte hartuko dute lore eskaintzarekin batera lehen zatian. Bigarrengoan, berriz,  herriko musikari eta abeslariek osatutako Banda Errepublikanoak kantutegi antifrankistako hainbat abestiekin emanaldi berezia egingo du, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!