"Errazagoa da dena, emakumeek emakumeekin kirola egiten dutenean"

Xabier Lasa 2024ko api. 13a, 09:20

Andoainek badu kirol klub berri  bat. Txirrindandoain Kirol Kluba da bere izena, eta emakumeen artean kirolaren praktika sustatzea du helburu. Klubaren bultzatzailetako hiru kideekin, Maria Rengel, Ainara de Miguel eta Ainara Leibarrekin bildu da Aiurri astekaria.

Edonorentzat zabalduta dagoela adierazi dute bultzatzaileek. Ilusioa gainezka dutela mintzatu dira; Kluba ofizialki oraintsu erregistratu dute, eta bere logo identifikagarria eta elastikoak ere kaleratu dituzte. Emakumeen artean kirola zabal dadin lagundu nahiko lukete, eta gogotsu daude ardura horri serio heltzeko.

Klubak hasieratik daukan planteamendu irekia azpimarratu dute, lehenbiziko eta behin. “Nornahi emakumek kirola egin dezan erraztasunak jarri nahi genituzke, hori da printzipioa, eta hortik aurrera, konpromisoa hartzen dugu ahal dugun neurrian laguntza eskaintzeko. Berdin dio zerotik hasi behar bada ere. Klubera hurbiltzen den emakume horren baldintzetara egokitzen saiatuko gara, aurrera egin dezan”, adierazi du Maria Rengelek. Beti ere, emakumeak kirola taldean lantzea dute asmoa. 

Txirrindandoain kluba oraindik orain jarri dute abian, baina aurrez, zenbait emakumek sortua zuten izenik gabeko taldea, eta hala ekin zioten elkarrekin kirola egiteari, Leibarrek zehaztu duenez. “2022ko irailean taldetxoa osatu genuen eta adostu genuen ahal genuen eta nahi genuen guztietan geratzea; whatxapp taldea sortu genuen elkar komunikatu eta hitzorduak jartzeko. Hamabost bat lagun gara oraingoz; mendi txangoren bat, Sansilbestrea lasterka... egin izan ditugu, eta batez ere, bizikletan egin izan ditugu irteerak, era guztietakoak. Batek zabaltzen du zer noiz egiteko asmoa duen, ea baten bat animatzen den luzatzen du gonbitea, eta erantzunaren zain geratzen da. Halako erraztasunez sortzen dira hitzorduak”.    

Kirola, kolektiboan

Emakumeei begira sortu dute kluba. Eta badu azalpena, erabaki horrek. “Eskarmentuak agintzen digu horrela jokatzera”, zehaztu du Rengelek. “Gutako batzuk, batez ere bizikletan ibiltzen gara gizonekin, eta ohartuta gaude, espreski kirolaren praktikarekin lotzen diren baldintza fisikoez gain (gizonak bizkorrago, distantzia luzeagoetan... ibiltzera ohituta daude), badirela beste zenbait ezaugarri nortasunarekin zerikusia dutenak, eta diferentzia markatzen dutenak. Eta argi daukagu dena errazten dela emakumeek emakumeekin kirola egiten dutenean. Hor giro berezia sortzen da, laguntasuna, ulertzeko gaitasuna, konplizitatea...”. Leibarrek gehitu duenez, “terapia gisa ere ederki asko etortzen da, geure solasaldiak egiteko, konfiantza baitago geure kontu pertsonalak-eta elkar komentatzeko...”.

Bizikletan ibiltzeko ikastaroa

Andoaingo emakumeei bideratutako Jabekuntza Eskolaren baitan, bizikletan ibiltzeko bi ikastaro egin izan dira azken urtetan. Ondarreta ikastetxean, urrian 2023an egin zuten azkenekoa, eta Leibar izan zen bere gidaria. “Emakume mordoxkak eman zuen izena, eta espero ez zen arren, ohartu ginen badela eskaria alde horretatik. Izan ere, 50 edo 60 urtetik gorako zenbait emakumeek, bizitzako zirkunstantziengatik, zailtasunak eduki izan dituzte bizikletan ibiltzeko, eta orain animatu egin dira”.

Hain zuzen ere, elkarrizketa eskaini duten Maria Rengel, Ainara De Miguel eta Ainara Leibarrek ideia bat zabaldu nahi dute, beste ezeren gainetik: Txirrindandoain klubean irekitasuna dela nagusi, eta kirola taldean egin nahi duen emakume orok duela kabida bertan, baita bizikletan ibiltzeko ikastaroan parte hartzen dutenek ere, “bakoitzaren behar eta nahietara moldatzen ahalegindu gaitezke. Talde honetan mutur batekoek eta bestekoek daukate tokia: triatloilaria dena, eta, oraintxe bizikletan ibiltzen hasi dena”.

Errepidez inguratutako herria da Andoain, eta dezentekoa da auto-trafikoa ere. Rengelen hitzetan, “gauza konplikatua irudituko zaio ohituta ez dagoen bati, eta pentsatu ezinezko abentura dela bakarrik abiatzeko. Bada, taldeko batzuk ondo ezagutzen ditugu errepideak eta horietan ibiltzen den trafikoa, eta badakigu taldeka nola eta nondik ibili gaitezkeen eroso, segurtasuna bermatuz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!