Andoainen 1936ko fusilatuen aldeko omenaldian Banda Errepublikanoa: "Justizia denontzat"

Xabier Lasa 2024ko api. 13a, 21:56

Joxe Mari Oiartzabalek zuzendutako Banda Errepublikanoa, Sebastopol dantza taldearekin batera, Andoainen frankismoak zapaldutakoen aldeko omenaldian. Abeslariek, musikariek eta dantzariek palestinarrak gogoan eduki dituzte abestiari ekin aurretik.

"Justizia denontzat" abestia

(Hitzak: Aitor Mendiluze. Musika: Joxe Mari Oiartzabal)
Isilik dago harri iluna
oihu mutu bat galgatzen,
isilik paper orri askeak
hizki minak asaldatzen.
Isilik lotsak dituzten haiek,
izana aski ez bazen,
isiltasunak ez du ordea
gertatu zena aldatzen.

Isilarazi ziren ahotsek
inoiz baino ozenago,
oihu egiten dute nahiz eta
larogei urte igaro.
Ezin ukatu, ezin ahaztu,
ezin isildu gehiago
herri hau bere galde ikurren
erantzunaren zain dago.

 

Abestiak, oinarrian, biktimek gaur egun lau haizetara zabaltzen jarraitzen duten aldarriarekin  bat egiten du: hots, egia, justizia eta erreparazioa. Izan ere, berrogei urteko diktaduraren eta beste hainbeste urteko demokraziaren ostean, orduko galdera askok –Non dira? Nora eraman zituzten?– erantzunik gabe jarraitzen dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!