Andoaingo pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioari eusten diote

Aiurri 2024ko api. 15a, 18:32

Andoaingo pentsiodunek asteleheneroko hitzorduarekin jarraitzen dute, hamabostero. Gaur egin dute elkarretaratzea, Udaleko kontzejupean, 11:15etik aurrera. Apirilaren 29an egingo dute hurrengoa, eta gaur deialdia egin die herritarri bertara daitezen, eta eska dezaten gaur egungo pentsiodunek ez ezik etorkizunekoek ere pentsio duinak eduki ditzaten.

Gogoratu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pentsiodunak Gasteizen apirilaren 18an manifestazioa egingo dutela, 11:00etatik aurrera.

Bestalde, 2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean pentsiodunen elkarteek mozioak aurkeztu dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udaletan eta foru-aldundietan, eta horietan lortutako emaitzak jakinarazi dituzte gaur kontzejupean egin duten elkarretaratzean.

Funtsean, bi eskakizun biltzen ditu mozioak. Batetik, Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako gobernuari eskatzea 1080 eurora arte osa dezatela gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. Eta bestetik, Udalbatzatan eta Batzar Nagusietan onarturiko akordioa helaraztea Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroaren kasuan Nafar Parlamentuari.

Andoaingo elkarretaratzean zehaztu dutenez, Gipuzkoan udal guztietan, 88tan aurkeztu dute mozioa, eta horietatik %80tan onartu da (70 udaletan); 14tan ez da onartu.

Alderdi politikoek izan duten jokabidea ere aipatu dute. “EAJk aurka bozkatu du udaletan presentzia duen %64an, %13an alde eta %24an abstenitu egin da. PSEk ordezkaritza duen udaletako %86an aurka bozkatu du, eta %11n abstenitu egin da. EH Bilduk ordezkaritza duen 69 udaletan mozioaren alde egin du, baita Elkarrekin Podemosek ere presentzia duen 10 udaletan. Era berean, horrela egin dute udal-elkarte independente gehienak”.

Gehitu dutenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere mozioa onartu zuten 2023ko abenduaren 13an, “EH Bilduren (22), Elkarrekin Podemosen (2) eta PPren (3) botoekin eta EAJ eta PSEko ordezkarien aurkako botoekin”.

Bestalde, Bizkaian 59 udalerritan onartu da eta 15etan baztertu. Araban 20 udaletan onartu da eta lautan ez da onartu. Beraz, guztira, eta EAEn, 149 udalek onartu dute mozioa eta 33k baztertu.

Portzentaietara eramanda, EAEn onartu dituzten udalek guztien % 59 osatzen dute. % 13k baztertu dute. Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan ez da ez da eztabaidatu oraindik.

Azkenik, Nafarroari dagokionez, Andoaingo elkarretaratzean adierazi dute aurkeztu den mozioa EAEkoaren antzeko mozio bat dela, baina Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak parte hartzen duen "Ahora 1080 Orain" Ekimen Sozialaren izenean. Mozio hori 28 udalerritan onartu da.

Gutxieneko pentsioaren aldeko mozioa, Andoainen

Andoainego Udalak 2023ko azaroaren egin zuen ohiko batzarraldian jorratu zuten alderdiek mozioa, eta aldeko 9 botoekin egin zuen aurrera. Hain zuzen, Duintasuna Elkartea izan zen bere bultzatzailea.

Hona batzarraldian elkarteko ordezkari batek irakurri zuen mozioa:

"Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua. Zuengana jotzen dugu Andoaingo Udalaren Osoko Bilkuran, hala uste baduzue, mozio bat onar dezazuen, gure funtsezko aldarrikapenetako bat babestuz: pentsiodun guztiek gutxienez 1080 euroko diru-sarrerak izatea bermatzea, 14 ordainsaritan.

Idazki honekin batera doakizue erakutsi dizugun txostena, Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu dugun txosten laburtua osatzen duena. Bertan, errebindikazio hori nola gauzatu eskatzen eta justifikatzen dugu, eta horren kostua zenbatesten dugu. Txostena eskari horrekin hasten da: "Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak egindako txosten honen bidez, 2023rako 1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko gure berehalako eskaera bultzatu nahi dugu. Demanda hori Estatuko gobernuari zein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu, eta azken horiei eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1080 eurora arte osatzeko, 14 ordainsaritan".

Txosten honekin urrats bat gehiago emango dugu gure eskariaren azalpenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan beharrezkoa den aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu. Gainera, txosten horretan ikus dezakezuenez, adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra baitute, eta baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte.

1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea. Bizi-kostuaren igoeraren arabera pentsioak ez igotzearen ondorioak nabarmenak dira. Txostenean ikus daitekeen bezala, lehenago eman nizuen txosteneko 14. orrialdean. Azken urteetan, 2011tik 2023ra, LGSa 641 eurotik 1080 eurora igo da, eta, hala ere, gutxieneko pentsioa 601 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Pentsioak, zalantzarik gabe, soldata geroratua dira, eta horien zenbatekoa zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin; beraz, gutxieneko pentsioak ere lanbide arteko gutxieneko soldata izan behar du erreferentzia gisa. Onartezina da 2011n gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldataren % 93,7 izatea, eta 2023an, % 72,5.

Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, gero eta pentsiodun gehiagok eteten dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitutakoa lortzeko aukerak, elikadura osasuntsua, osasuna eta arreta eraginkorra bermatzea mendekotasuna artatzeko dituzten premiak arintzeko, etab. Gaur egun, 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako dirusarrerak dituzte pentsioengatik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietako gehienak emakumeak dira.

Gutxieneko pentsioak, bere aldagai guztietan, emakume izena du. Genero-arrakala da hori, eta horren aurrekaria da soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren eremuan.

1080ko aldarrikapen honek duela bost urte baino gehiagotik gure mobilizazioetan parte hartu duten milaka pertsonek ematen dioten zilegitasuna du.

Hori ez egiteko arrazoi ekonomiko eta politikorik ez dagoela ondorioztatzen dugu, eta ezin dugu beste egun bat gehiago itxaron.

Horregatik, Andoaingo Udalbatzaren Osoko Bilkurari honako erabaki hau hartzea eskatzen diogu:

1.- Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eskatzea 1080 eurora arte osa dezatela pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.

2.- Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrari Udal honen Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren jakinarazpena bidaltzea gaur”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!