Zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri diote Gipuzkoan hainbat bortxaketen egileari

Aiurri 2024ko api. 17a, 13:38
Andoainen 2018ko irailaren 26an egin zen bilkura, herriko emakume batek jasan zuen sexu erasoa salatzeko

Bere emaztearen lehengusu bati sexu erasoa egiteagatik 2017n ezarri zioten kondena atzo. Seigarren zigorra du oraingoa, izan ere, aurretik, Andoainen, Beasainen, Lasarte-Orian eta Anoetan egin zituen sexu erasoengatik ere zigortu zuten.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian atzo egin zen epaiketa. Fiskaltzak 14 urteko espetxealdia eskatua zuen, baina auzipetuak erasoa onartu eta Clara Campoamor elkarteak bultzatutako akusazioarekin akordioa lortu zuen. Esan bezala, zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri diote, sexu erasoagatik, bizilekua bortxatzeagatik eta lesio delitu arinagatik.

Akusatuak bideokonferentziatik egin zuen deklarazioa, Palentziako La Moraleja espetxetik. Izan ere, bertan kartzela zigorra betetzen ari da, aurrez, beste bost txandetan epaitua eta zigortua izan baita 2012-2019 epean egindako bortxaketengatik.

Hain zuzen, 12 urteko kartzela betetzen ari da, Beasainen emakume bati egindako sexu erasoagatik; 9 urte, Lasarte-Orian egindako sexu eraso batengatik; eta azkenik, beste 18 urte, Andoainen, Tolosan eta Anoetan egindako sexu erasoengatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!