Duela gutxira arte, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan nagusitasuna EAJ-PNVri zegokion eta egon zitekeen emozio apurra bigarren sailkatua nor izan zitekeen argitzea zen. Joera aldatuz joan da, eta EH Bildu, deialdiz deialdi, gorantz doan aukera politikoa da. Eusko Legebiltzarrerako haustekundeen historikoari erreparatuta, joera hori argia da. Eta Espainiako Kongresurako nahiz Udal eta Foru Aldundietako azken deialdiek joera hori indartu dute. Gipuzkoan, bereziki.
Baina Euskadin EAJ-PNVren lidergotza sendoa izan da, eta igandera bitarte nagusitasun horri eusteko kanpaina betean ari dira. Historikoki, gainera, PSE-EErekin gobernatzen aritu dira. Aukerak badaude bitasun horrekin jarraitzeko. Demoskopiak, aldiz, bestelako aukerak badaudela argiro azaltzen du. Gerta daiteke jeltzaleen eta sozialisten artean gehiengo osorik ez izatea. Gerta daiteke ere EH Bilduren garaipena uste baino argiagoa izatea.
Gainerako alderdiei erreparatuta, PPk azken urteetan galdutako babesa berreskuratu nahi du. Elkarrekin Podemosek ordezkaritzari eutsi nahi dio, Sumar lehiakidearekin borroka estuan.
Igande gauean argituko dira misterio guztiak.
Aurreko deialdia, pandemia betean 2020ko abstentzioa azken deialdietako handiena izan da eta arrazoietakoa pandemian aurkitu behar da. Urte berezia izan zen. 2016koarekin alderatuta, %7 igo zen abstentzioa.