DBH4-ko ikasleak, kazetari jardunean

Alba Cabrera Jauregi 2024ko api. 24a, 08:27

Herriko hiru ikastetxeek, Andoaingo Udalak eta Aiurrik, elkarlanean, martxan jarritako proiektu komunikatiboa da “Gazte Kazeta”. Ikasleak kazetari jardunean trebatzen ari dira Alba Cabrera Jauregi eta Mikel Arberas Audikana kazetarien gidaritzapean

Ikasturte honetan, eremu akademikora egin du jauzi kazetaritzak Andoainen: “Gazte Kazeta” proiektua ipini dute martxan Udaleko Euskara Lansailak, herriko hiru ikastetxeek eta Aiurri aldizkariak, landiketzan. Ikasleak dira ekimenaren protagonista eta, euskaraz, kazetaritzan murgiltzea du xede nagusi egitasmoak. Erreportajea da proiektuaren muina eta bizkarezurra, hori baita taldeka antolatuta elkarlanean ondu behar dutena. Ezaguna egingo zaie askori proiektua, orain urte batzuk Erreportari Gaztea Saria ekimena egiten baitzen, eta, nolabait, horretan du abiapuntua.

La Salle Berrozpe ikastetxean abiatu da erronka. Guztira, martxotik aurrera, bost saioko formakuntza jaso dute bertako ikasleek Aiurriko erredakzio-taldeko bi kideren eskutik. Behin azalpen teorikoak barneratuta, eta testuinguruan kokatuta, kazetaritza-lanetan aritu dira azken asteotan, gustuko duten gai baten gainean, eta, uneoro, bidelagun izan dituzte tokiko komunikabideko bi erredaktoreak, proiektuari forma ematen joateko. Hala, lekukoa eman diote Aita Larramendi Ikastolari, joan den astean ekin baitzioten ikasleek formakuntza jasotzeari. Leitzaran Institutuak, aldiz, datorren urtean emango dio hasiera ekimenari.

Jakin-minari tiraka

Gustuko duten gai baten gainean erreportajea egitea. Hori da proiektuaren funtsa. Horrela, jakin-minari tira eginda, erreportaje ederrak ari dira osatzen ikasleak, makina bat aferari buruz, gainera: akuikultura, antropologia, pertsonaia famatuen ibilbidea, KORRIKA, Santakrutzak, motoziklismoa, autoestimua, sare sozialen erabilera nerabezaroan, kalamua, euskal gastronomia… Aterki zabala ondu dute, kazetaritzak ematen dituen baliabideak erabilita. Alde batetik, idatzizko piezak egin dituzte, baina, bestetik, bada multimedia lengoaiari eutsi dionik ere. Hori horrela, bideoak, audioak eta argazkiak ere txertatu dituzte beren lanetan.

Ikasleek egindako ahalegina, gainera, ez da ikastetxean, soilik, nabarituko. Izan ere, Aiurri astekariaren edizio digitalean txoko bat izango dute beren erreportajeek. Aukera ederra, horrenbestez, lumari eragiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!