Buruntza jatetxeko Pablo Barrutia Ponce sukaldaria zendu da

Jon Ander Ubeda 2024ko api. 27a, 13:26

Taberna eta jatetxearen artean zegoen sukaldea. Han aritzen zen lanean Pablo Barrutia Ponce.

Andoainen aurkezpenik behar ez duen negozioa zen Buruntza jatetxea. Urte luzez han aritu zen lanean Pablo Barrutia Ponce sukaldaria. Kaletxikiko taberna-jatetxean jaki goxoak prestatzen maisu bilakatu zen, herrikideentzat eta inguruko industriguneetako langile askorentzat erreferentziazko gune bilakatzeraino. Atzokoan hil zen, Andoainen.

Buruntza jatetxearen azken aurreko aroraino izan zen lanean Pablo Barrutia Ponce. Pandemia ostean, Miren Argi Weill haren emazteak eta Karmele Telleriak negozioa berriro jarri zuten martxan. Egun, itxita dago taberna-jatetxea eta, halere, herrikide askoren gogoan dago luzaroan eskaini zuten zerbitzu bikainagatik.

Bazkaritan eguneko menua eskaintzen zuten, batik bat. Bazkalostean ez zen mus partidarik falta izaten eta Pablo hortxe izaten zen. Jokoan edo ikusle modura, baina beti jokaldiei adi-adi. Zaletu amorratua baitzen. 

Auzoari bizitza ematen zion negozioaren arduradunak ziren Barrutia eta Weill. Ostiral arratsaldetan eskaintzen zuten pintxo-poteak, esaterako, auzotar askoren arreta bereganatu zuen. Bazkardo, Buruntza, Arantzibia eta Leizotz aldeko bizilagunak ere hurbiltzen ziren, asteburuari hasiera emateko.

Pizzak eskaini zituzten garaian ere, lana erruz egiten zuten.

Astean zehar, menuak. Eta, asteburuetan, eskaintza berezia. Makina urtebetetze, bataio, jaunartze eta enpresako bilkurak egin ziren jantokian. 

Sukaldaritza tradizionalaren ordezkari paregabeak

Eguneko menua, nahiz menu bereziak kalitate handikoak ziren. Miren Argi Weill Pabloren bikotekideak, Aiurriri eskainitako elkarrizketa batean, bikain azaldu zuen euren xedea: "bertako produktuekin landutako sukalde tradizionalagatik nabarmendu izan da Buruntza betidanik, eta ez diogu uko egiten horri. Buruntzaren ezaugarri propioa da hori!".

"Bertako produktuekin landutako sukalde tradizionalagatik nabarmendu izan da Buruntza betidanik, eta ez diogu uko egiten horri. Buruntzaren ezaugarri propioa da hori!"

Pabloren zaletasunak

Pertsona atsegina zen, sukalderaino sartzeko gonbita luzatzen zizun horietakoa. Errealzale amorratua, musean aritzea oso gogoko zuen. Euren tabernan, urrutira joan gabe, makina bat partida jokatu dira. Pablo jokatzen ez zenean, partida gainbegiratzen izaten zen ia beti. Argazkia 2019koa da, Ontza elkarteko txapelketa osteko sari banaketa ekitaldian. Ezkerrean hasita, lehena da Pablo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!