Espezializazio-gradu berria eskainiko du La Salle Berrozpek

Aiurri 2024ko mai. 7a, 13:11

Ikastetxearen arabera, “espezializazio-ikastaro hori eskaintzen duen Buruntzaldeko ikastetxe bakarra izango da, eta eskualdeko beharrei erantzungo die”.

La Salle Berrozpe Ikastetxeak Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-gradua emango du datorren ikasturtetik aurrera, Instalazioa eta Mantenimendua adarraren barruan. Horrenbestez, espezializazio-ikastaro hori emango duen Buruntzaldeko ikastetxe bakarra izango da. Espezializazioko gradu horrek 900 ordu iraungo du, eta goi-mailako gradu hauetako ikasketak amaitu dituzten ikasleak sartu ahal izango dira bertan: Fabrikazio Mekanikoa, Diseinua edo Elektronika, Automatizazioa eta Robotika, Mekatronika eta Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuak.

Ikastetxeko arduradunen esanetan, “Fabrikazio Adimenduneko espezializazio-ikastaroaren bidez, ikastetxeak beste apustu bat egin nahi izan du prestakuntza eskualdeko industriaren beharretara hurbiltzeko. Izan ere, enpresa askok eskatzen dute profil hori, eta, horregatik, % 100eko enplegagarritasuna izango duela aurreikusten da”.

Gradu honetako tituludunek fabrikazio digitaleko sistemetan aditu gisa eta metrologiako teknikari gisa jardun ahal izango dute, hain zuzen ere industria-produkzioaren sektorean automatizazio-osagai handia duten eta eragiketa- zein gestio-sistema digital guztiak integratzeko joera argia duten enpresa publiko zein pribatuetan.

Ate-irekiera

Espezializazio-ikastaro honi buruzko informazio gehiago irakasleek eskainiko dute, datorren maiatzaren 14an.  17:00etan eta 18:00tan saio bana iragarri dute. Informazio gehiago:  943 59 05 57.

Matrikulazio-epea

Maiatzaren 24ra bitarteko epea egongo da 2024-2025 ikasturterako aurretiko izen-ematea egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!