ETA erakunde terrorista izan zela aldarrikatu dute Lopez de la Calleren aldeko ekitaldian

Aiurri 2024ko mai. 7a, 15:36

20 urte bete dira gaur ETAk Jose Luis Lopez de la Calle hil zuela, eta oroimenean hartu dute bere izena daraman parkean. Maider Lainez Andoaingo PSEko zinegotziak eta Maria Paz Artolazabal Lopez de la Calleren alargunak hartu dute hitza.

Maria Paz Artolazabal eta Alain semea agertu da ekitaldira.

Bestalde, Andoaingo PSEko eta EAJko hainbat udal ordezkari izan dira bertan, eta baita, besteak beste, Dani Garcia Peko zinegotzi ohia, Estanis Amutxastegi alkatea ohia, Mikel Arregi eta Mari Jose Izagirre EAJko zinegotzi ohiak, Jose Ignazio Asensio eta Rafaela Romero Gipuzkoako PSEko buruzagiak, Gotzon Etxeberria parkean dagoen Askatasunari eskulturaren egilea, edota memoriaren eta bizikidetzaren arloan ezagunak diren Gorka Landaburu, Maixabel Lasa.

Lainezek biktimen aldeko omenaldien premia azpimarratu nahi izan du. “Batzuetan esaten digute, agian, ez direla behar horrelako omenaldiak. Bada, nik justu kontrakoa erantzungo diet. Eta aurten begi bistan geratu zaigu, zer garrantzitsua den gauza bakoitza ondo izendatzea, eta ez zuritzea. Izan ere, batzuk diote ETA banda armatua bakarrik zela, eta mesedez, horiei eskatuko genieke duintasun pixkatxo bat eduki dezaten, gauzei bere izena jartzerakoan. ETA ez zen bakarrik banda armatua, baita ere banda terrorista izan zen. Denek esan beharko genuke hori inongo zalantzarik gabe, eta ozen”.

Bizikidetzaren arloan “orria pasatzearen” aldeko jarrera agertu du Lainezek, baina hori ez duela edonola izan behar gehitu du: “Beti esan dugu pasako dugula bizikidetzari begira. Baina beti kontuan izanda, bizi izan duguna eta hemen gertatutakoa. Eta behin eta berriz aldarrikatzen dugu hori. Hain justu ere, nahi dugu gure gazteek jakitea, bai Andoain eta baita beste leku askotan, zer gertatu zen. Eta guztiek jakin behar lukete ETAko terroristek Jose Luis desberdin pentsatzeagatik erail zutela”.

Maria Paz Artolazabalek, “alde bateko zein besteko hilketa guztien” aurka dagoela esanez ekin dio hitzartzeari. Urteroko omenaldi ekitaldietan gauza berbera errepikatzen duela gogoratu die parkera hurbildu direnei: “gauza berdina esaten dut urtero, eta ez dakit zergatik, igual ameslaria naizelako. Baina gustatuko litzaidake entzutea hemen gertatu zena ez zela inoiz gertatu behar”.

Jose Luis Lopez de la Calle biolentziaren guztien aurka zegoela eta frankismoan ahotsa altxatu izanagatik kartzelatu zutela esanez jarraitu du. “ez zuen inolako terrorismorik onartzen, eta horrexegatik bost urte eta erdi Penintsulako hainbat kartzeletan eduki zuten, Donostian, Madrilen, Sorian, Segovian, Jaenen eta Palencian”.

Senarraren giza ezaugarriak nabarmendu ditu Artolazabalek. “Gizon onbera zen, inoiz inori ez zion kalterik egin, eta hilketaren bat gertatzen zen aldiro gaitzesten zuen, baita polizia indarrek egiten zituztenak ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!