“Zatoz instrumentuak probatzera”

Aiurri 2024ko mai. 7a, 18:11

Gonbidapen horixe egin die Mikel Emezabal Udal Musika Eskolako zuzendariak herritar guztiei, helduei batik bat. Lotsak eta erreparoak uxatu, eta Plaza Morera hurbiltzeko deia egin die Emezabalek; hain zuzen, bihar arratsaldeko 17:00etatik aurrera “Ateak irekiak kalean” ekimena antolatu dute, eta makina bat musika instrumentu probatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Horretarako, eskolako irakasleen laguntza izango dute.

Udal Musika Eskolak abian jarri duen matrikulazio kanpainaren baitan zenbait ekintza antolatu dituzte egunotan, eta asteazkenean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Plaza Morean egingo den “Ate Irekiak kalean” da horietako bat.

Ostegunean, berriz, “Zatoz txikiekin dantzara!” ekitaldia ospatuko dute, Plaza Morean 17:30etik aurrera. Umeei (4-7 urte bitartean) zuzendutako ekintza parte-hartzailea izango da.

Gaur matrikulazio kanpainako lehenbizko ekitaldia egin dute. LH 1,2, eta 3ko ikaasleei zuzenduta, "Instrumentuen herria" izenburuko ipuin musikatua eskaini dute Basteroko auditorioan.

  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!