Mariatxiekin eta beren abesti kantagarri bezain alaigarriekin, pintxoak eskuetan, azaldu zitzaizkion makina bat senide, adiskide eta bezero apirilaren 28an, igandearekin 12:30ak aldera, eta festa nagusitu zen hortik aurrera.
Izan ere, berezi-berezia zuen eguna Carmina Dominguez De La Fuentek (Zaratan, Valladolid, 1954), bere lan ibilbideko azken eguna baitzuen. Esan beharrik ez dago gertukoen halako keinuak nolako abiaduran jarri zion bihotza. Besarkadak, musuak, kantari, dantza saioak batekin eta bestearekin…, ederki azaleratu zitzaizkion azken egunetan barne-barnean gordeta zeramatzan emozioak.
“Ezusteko galanta prestatu zidaten! Bihotz-bihotzean gordetzen den maitasun keinua egin zidaten. Ederra! Kioskoan diruz erosi ezin daitekeen horietakoa. Hurrengo egunak, banan-banan eskerrak ematen pasa nituen”.
Andoainen Carminaren Kioskoa (Periodistaren Kioskoa esanda ere ezagutzen dute herrian ugarik) ezinbesteko erreferentzia izan da azken sei hamarkadetan Andoaingo kale-paisaian eta merkataritzan. Carmina kontziente da horretaz, eta ez da gehiegi harritu Aiurri-ko kazetaria hurbildu zaionean. Bere-berea duen umore eta graziarekin, zera adierazi dio: “Nahi duzuna galdetu, 13 urte nituenetik saldu ditudan Hola, Lecturas, Pronto, Semana... eta antzeko bihotzeko aldizkarietan beren intimitateak kontatuz agertzen diren famosoek ez bezala, ez dizut kobratuko”.
Familia osoa hasi bazen ere kioskoaren martxarekin, denboran poderioz, Carmina bera bakarrik geratu zen, 1987 aldera. Horrela, berdin-berdin eutsi dio hasiera-hasierako lan-mugimenduari, harik eta apirilaren 28an ateak itxi dituen arte. “05:15etan jaiki izan naiz, egunkarien lehenbiziko banaketa egiteko etxe, taberna, jatetxe edo dendatara. Hori eginda, denda ireki izan dut, eguerdiko 13:00ak bitarte. Dena esatera, egun ez dut banatzen iraganeko ehunka mordo hura; 150-200 aleekin konformatzen naiz”.
Behin paperezko egunkariak eta aldizkariak aipatzen hasita, haien etorkizunaz galdetuz gero, Carmina ez da batere baikor agertzen. “Oraindik geratzen gara albisteak paperean irakurri nahi ditugunak, baina ezin da gerarazi mugikorrak daukan erraztasuna eta indarra, eta esango nuke desagertzeko zorian direla”.
Ogi-denda, azken urtetan
Egungo kioskoa orain hogei bat urte erreformatu eta berritu zuen Dominguezek. Leihatilarena zaharkitua geratu zelako ez ezik, baita etorkizunera begirako premiak halaxe agintzen ziolako ere. “Herrian ogi-dendak zabaltzen ari ziren, eta guztietan edo ia guztietan, egunkariak ere salgai jartzen hasi ziren. Bada, jakinik ogia eta egunkaria nahiko eskutik doazela, ohartu nintzen bezero batzuk jada galtzen ari zirela kioskora etortzeko joera”.
Carmina oso eskertuta agertu da urtetan fidelak izan dituen bezeroekin. “Bizimodua errutina puntu batekin eramatea du gogoko gizakiak, eta nik uste bezero gehienek ere eskertzen dutela egunerokotasun horretan, konfiantza, gertutasuna, konplizitatea edo dena delakoa edukitzea goizero topatuko duzun erosle horrekin. Askorekin zera gertatzen zait, atetik sartu orduko, ezer eskatu gabe, jada mostradorean ipintzen diedala erostera datozen hori, badakidalako zer ogi eta egunkari nahi duen”..
Kioskoaren etorkizunaz galdetuta, ez dauka erantzun argirik Carminak. “Udalaren jabetzakoa da, eta ez dakit zein erabilera eman nahiko dion. Dena den, zaila ikusten dut berriz ere negozio gisa irekitzea, hainbeste saltoki dago herrian ogi eta egunkariekin...”.
Loarekin, kezka nagusia
Bukatu zaio egunero-egunero 05:15etan jaiki beharreko obligazioa, eta horrekin dauka kezka oraintxe, Carminak. “Iratzargailuaren beharrik gabe esnatu izan naiz beti, eta gorputza egina daukat horretara, iruditzen zait kosta egingo zaidala bizimodu berrira ohitzea”. Hori bai, ziur dauka jakingo duela denbora zertan igaro; ez duela paseatu, irakurri, familiarekin tarteak gozatu...
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 648 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.