Udal ordezkariek Miranda pasealekuan aurkeztu dute ekimena eguerdian
Andoni Alvarez alkatearekin batera aurkezpenean izan dira Garazi Usandizaga eta Haizea Barandiaran (EH BIldu), Aritz Alkain (PSE-EE), Imanol Goenaga (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos) zinegotziak eta Ixiar Olano Allurraldeko teknikaria.
Alvarezek hausnarketa-prozesuan parte hartzeko deia zabaldu du, “guztiok osatzen dugu Andoain, eta guztioi dagokigu gure espazioak definitzeko aukeraz baliatzea”.
Udalaren webgunean eta sare sozialetan hausnarketan parte hartu eta sakontzeko galdetegia zabaldu dute, eta halaber, 15-45 urte bitarteko kiroldegiko erabiltzaileei ere bidali zaie. Eta esan bezala, maiatzaren 22an saio irekia antolatu dute Basteron.
Udalak aitortu du Miranda pasealekua gune preziatuenetakoa bilakatu dela azken urtetan Andoaingo herritarrentzat. “Pasealekua izateaz gain, berdegune zabalez osatuta dago, eta herritarren erabilerarako hainbat gune ere kokatu dira azken urteetan: haur parkeak, pump truck gunea, ur parkea… Edonola, gunearen aprobetxamendu handiagoa bilatu asmoz, Andoaingo Udalak pasealekuko erabilpen eta aukerei buruzko hausnarketa-prozesu bati ekin dio”.
Era horretan, dagoeneko, Miranda pasealekuko erabiltzaile potentzial izan daitezkeen taldeak identifikatu eta hainbat kontaktu egin dituela ere adierazi du Udalak; hala nola, adin nagusieneko herritarrak, haurrak, nerabeak, gazteak, Etxeberrietako bizilagunak, zakurren jabeak…
Diagnostikoa egin ostean, gune horretan etorkizuneko ildo estrategikoak ezarri nahi dituela zehaztu du Udalak.