Abiatu da Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren edizio berria

Jon Ander Ubeda 2024ko mai. 10a, 07:14

Aurtengo edizioaren aurkezpena Andoainen egin dute, Buruntzako San Martingo aztarnategi arkeologikoan.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia egin du Andoaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesarekin. Irailaren 20an amaituko da sarirako hautagaitzak aurkezteko epea. Azaroan emango dira ezagutzera irabazleak.

36. edizioa da aurtengoa eta, aurten ere, bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Honenbestez, finalistak izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango duelarik, baina finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana.

Aurtengo edizioaren aurkezpena Andoainen gauzatu da, Buruntzako San Martingo aztarnategi arkeologikoan. Ekitaldian parte hartu dute: Marta Lasa, Andoaingo Udaleko Euskara Zinegotziak; Esti Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko behin-behineko zuzendariak; eta, Mikel Arregi Rikardoren anaia.

Marta Lasa:

“Baliabideak jarri behar ditugu euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotzeko eta areagotzeko”.

Esti Alkorta:

“Kazetaritzan aitzindariak izan nahi badugu, euskarazko komunikazio proiektu globalak sustatu behar ditugu, edukiak euskarri ezberdinetan zabaltzeko gaitasuna izango dutenak, ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa egingo dutenak eta gure gizartean eragina izango duten edukiak sustatuko dituztenak”.

Mikel Arregi Aranburu:

“36 urteko ibilbideak garbi azaltzen du zein ahalegin egin den gogorarazten eta zabaltzen Rikardok euskarazko kazetaritza modernizatzeko, suspertzeko eta indarrean jartzeko egin zuen lana. Gure aldetik eskertu besterik ezin dugu egin ahalegin hori, konpromiso hori, bai Andoaingo Udalarena, bai Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarena, zinez eskertu ere!".

Bi sari nagusi

Kazetaritza saria

2023ko irailaren 16tik 2024ko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.

Komunikazio saria

Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenek. Betiere, 2023ko irailaren 16tik 2024ko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko da nahitaez.

Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. “Komunikazio saria” ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa emango zaio irabazleari.

Epaimahaia
  • Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria).
  • Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI. fakultateko irakaslea).
  • Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea).
  • Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea).
  • Pantxika Maitia (kazetaria).
  • Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria).

Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

Saridun izateko hautagaitzak

Kazetaritza edo komunikazio lanak irailaren 20ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!