DSBEa jasotzen duten gehienak europearrak direla gogorarazi zuten Andoaingo Pentsiodunek, atzoko elkarretaratzean

Aiurri 2024ko mai. 14a, 14:46

Andoaingo Pentsiodunek atzo egin zuten hamabosteroko pentsio duinen aldeko elkarretaratzea, hamabostero legez. Besteak beste, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (gaztelaniaz, IRG) aipagai hartuta, gezurtatu nahi izan zuten eskuina eta ultraeskuina zabaltzen ari diren diskurtsoa. Gutxieneko errenta hori jaso ohi duten herritar gehienak europearrak direla ziurtatu zuten, Jaurlaritzak jakinarazi dituen datuak oinarri izanda.

Oinarrizko behar pertsonal eta familiarrei aurre egiteko baliabide nahikoak ez dituztenentzat bideratzen den prestazio ekonomikoa (DSBE) hartu zuten ahotan, eta adierazi zuten errealitatea oso bestelakoa dela “eskuinak eta ultraeskuinak nahita aditzera ematen duten informazioarekin alderatuta”.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Legebiltzarrera bidalitako datua gogorarazi zuten, “2023ko uneren batean Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jaso zuten 65.246 pertsonetatik %70,29k Europako nazionalitatea dute. Gehien-gehienak, %66k, Estatu espainiarrekoa. DSBEa jasotzen duten pertsona guztien %57 emakumeak dira eta %43 gizonak”.

Bestalde, honako datua ere aipatu zuiten Andoaingo Pentsiodunek: “kontuan hartuta gaur egun EAEn 167.718 pentsiodunek, gehienak emakumeak, 1080 eurotik beherako pentsioak dituztela, DSBEa 15.528 pentsiodunek baino ez dute jasotzen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!