Bilera irekia deitu du Udalak, Miranda pasealekuaz hausnarketa egiteko

Aiurri 2024ko mai. 17a, 07:04

Oria ibaiaren ertzean dagoen pasealekuko erabilpenaren eta aukeren gaineko hausnarketa-prozesuari ekin dio Andoaingo Udalak. Maiatzaren 22an saio irekia egingo dute Basteron, 18:30ean hasita, pasealekuaren etorkizunaz iritziak partekatzeko.

Belardiak, haur parkeak eta Goiztirian eskultura izan dira Andoaingo hegoaldeko pasealekuaren ikur nagusiak. Soiltasun handiko eremua zen, urteen poderioz osatuz joan dena. Bizikletan jauzi eta txiribueltak egiteko Pump truck-a eta Etxeberrieta plazako ur-parkea izan dira eremu hartan jarri dituzten jarduera berriak. Ez dira txikiak, eta pasealeku luzeari erabilpen berria eman diote. Erabilpen gehiago izan ditzake eremuak? Zeintzuk? Hori guztia erabaki aurretik, hausnarketa prozesua abiatu du Andoaingo Udalak. Galdeketa egin du, egun hauetan, internet bidez. Herri bilera irekia deituko dute, laster.

Egun hauetan galdeketa bat zabaldu dute internet bidez, eremuaren erabilerari buruzko datuak jaso asmoz. Era berean, pasealekuko erabiltzaile potentzial izan daitezkeen taldeak identifikatu eta hainbat kontaktu egin dituztela adierazi zuten; hala nola, adin nagusieneko herritarrak, haurrak, nerabeak, gazteak, Etxeberrietako bizilagunak, zakurren jabeak…

Hausnarketa-prozesuan sakontzeko bilera irekia deitu dute, datorren maiatzaren 22rako. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Bastero Kulturgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!