Udalak adierazpen instituzionala zabaldu du LGTBIQ+fobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira

Aiurri 2024ko mai. 17a, 10:50

EH Bildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin-Podemos alderdiek adierazpen instituzional bateratua zabaldu dute LGTBIQ+fobiaren aurkako nazioarteko egunean.

Honako adierazpen hau adostu dute udaletxeko lau alderdiek: 

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea ezabatu zuen buruko gaixotasunen zerrendatik. Gertaera hori mugarri historikotzat jo dezakegu orain, eta urrats garrantzitsua izan zen sexu-orientazioa eta -identitatea gure gizartean ematen den aniztasunaren parte bat dela onartzen hasteko. Maiatzaren 17a da LGTBIQ+ pertsonen kontra (lesbianak, gayak, bisexualak, transak eta intersexualak zein queer-ak) zuzendutako gorroto eta indarkeria mota guztien aurkako Nazioarteko Eguna.

1990. urtetik eta gaur arte aurrerapauso ugari eman dira legeen bidez herritar guztien berdintasuna bermatzeko, norbanako bakoitzaren sexu, genero edota identitatea edozein direla ere. Gure lurraldean lege garrantzitsuak egin eta onartu dira herritar guztien eskubideak berdinak izan daitezen bermatzeko eta LGTBIQ+ pertsonak gainerako guztiekin parekatzeko.

Baina, lege-aldaketak eta aurrerapauso sozialak ugari izan diren arren, LGTBIQ+ pertsona asko eta asko dira oraindik diskriminazioari, estigmatizazioari eta indarkeria egoerei aurre egin behar dietenak. Gure gizarteari bide luzea geratzen zaio oraindik egiazko berdintasuna lortzeko. Eta eskubide-berdintasunaren eta askatasunaren alde, pertsona bakoitzak bere sexualitatea, generoa eta identitatea bizitzeko aukera askatasun osoz bizi eta adierazteko espazio sozialak zabaltzen jarraitu behar dugu.

Izan ere, LGTBIQ+ pertsona asko dira oraindik ikusezintasunaren mende bizi direnak, beren sexu- edo genero-identitatea ezkutatu beharra ikusten dutelarik (batez ere lesbianak, trans pertsonak, adinekoak edo desgaituak badira), eta gure hirietako espazio publikoetan ematen ari den LGTBIQ+ fobia salaketen gorakadak agerian uzten du oraindik ez garela iritsi sexu-edo genero-aniztasuna berdintasun egoeran eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eta adierazteko askatasun-egoerara.

LGTBIQ+ fobiaren kontrako borroka pertsona guztientzat berdintasun printzipioa, duintasuna eta Giza Eskubideak defendatzea da. Gure izaerak pertsona eta gizarte gisa anitzak dira, eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeriaren kontra egingo den ahalegin bakoitza aurrerapauso bat da, gero eta pertsona zein herri hobeak eraikitzeko. Justuagoa den, eta errespetuan eta berdintasunean oinarrituta eraikiko den gizarte bat.

Andoaingo Udalak ekinean jarraituko du pertsona guztien eskubideak defendatzeko, eta sustatuko dituen politika publikoetan bilatuko du pertsonak babestea eta diskriminazioaren kontrako neurriak abian jartzea. Gizartearen aniztasuna gure indarra da, bai eta defendatu eta babestu behar dugun balorea ere. Horretarako, aldarrikatu nahi dugu Andoainen LGTBIQ+ pertsonen aurkako jokaera, jarrera eta erasoek ez dutela lekurik eta andoaindarrek ez dugula halakorik onartuko.

Bukatzeko, dei egiten dugu maiatzaren 17aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean askatasunez bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, stop LGBT+fobia!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!