Añorga izan zen bidegile Kopan, andoaindarrak bertan zirela

Aiurri 2024ko mai. 18a, 09:42

Bea Garcia, 2011ko argazkian.

Emakumezkoen futbola kirolzale askoren ahotan egongo da, asteburuan, Realak Barcelonaren aurka jokatuko baitu Erreginaren Kopako finala. Historian atzera eginez, Añorga bidegile izan zen emakumezkoen futbolean. Andoaindarrak baziren taldean.

Antzekotasun gutxi du garai hartako futbolak, oraingoarekin. Bereziki, emakumeen mailakoak. Garapena ikusgarria izan da eta, lehen ez bezala, Espainiako Ligako taldeak Europako onenen pare ari dira. Historian arakatuz, bada bitxikeria interesgarria gipuzkoarrontzat. 1991n La Romaredan Añorgaren eta Barcelonaren arteko finala jokatu zen. Orduko hartan gipuzkoarrak 3-0 nagusitu ziren, eta bertan Bea Garcia andoaindarra ezinbesteko erreferentzia izan zen. 1970ean jaioa, sekulako palmaresa osatu zuen. Erdilaria zen, oso azkarra. Andoaindarrak Erreginaren hiru Kopa irabazi zituen Añorgarekin, eta beste behin txapeldun-orde izan zen. Hiru bider irabazi zuen Liga, eta beste hainbatetan txapeldun-orde. Añorgan egin zuen ibilbide oparoena, eta ondoren Barcelonan eta Lleidako Llers taldean segida eman zion bere ibilbideari. Espainiako selekzioko jokalaria izan zen ere, 1988 eta 1998 urteen artean.

Garai loriatsua bizi du emakumezkoen futbolak, egun, Euskal Herrian eta Espainian. Lehen urte haietako sustatzaileak periferian aurkitu behar dira. 1980ko hasieran, Galizako Karbo taldea nagusitu zen eta, urteak aurrera joan ahala, Añorga eta Oiartzun Gipuzkoako taldeak estatu mailako onenak bilakatu ziren. Añorgak, esaterako, hiru kopa irabazi zituen. Oiartzunek, aldiz, bi.

XXI. mendearen hasieran Levante eta Español nabarmendu ziren. Urteak aurrera joan ahala talde gehienak dezente hazi dira. Eta, bereziki, Barcelona, Atletico de Madrid eta Real Madrid. Tartean, nola ez, Realak lortu zuen kopa ahaztu gabe. Kopa hura gogoan hartuz, ezin ahaztu Nahikari Garcia urnietarra. Denboraldi bikainak egin zituen Realean izan zen urte haietan.

Nahikari Garcia, Amaiur Sarriegi... eta lehenago Bea Garcia

Urrats handiak eman ditu emakumezkoen futbolak, azken hamarkadatan, jokalari eredugarriak izateraino: Nahikari Garcia, Amaiur Sarriegi... Azken urteotan, inguruotan, futbolzale guztiek ezagutzen dituzten erreferenteak dira. Maila bikainekoak, Espainiako Ligan aski ezagunak direnak. Real Sociedad erreferentziazko emakumezkoen taldea izatera iritsi aurretik, ordea, Oiartzun eta, bereziki, Añorga bidegile izan ziren. Hogeita hamabost urte atzera, Ligan eta Kopan onenen artean ziren bi taldeak. Denbora asko igaro da, geroztik. Eta, zorionez, baliabide hobeak dituzte egungo klubetan. Zor zaie, nolanahi ere, aitortza bidegile haiei. Bada jokalari bat hizki larriz gogoratu beharko genukeena: Bea Garcia andoaindarra. Ligak eta kopak irabazi zituen Añorgarekin, Barcelonan jokatu zuen denboraldi batez eta Espainiako selekzioarekin, hamar urtez. Gizonezkoak eta emakumezkoak kontuan hartuta, Andoainek eman duen jokalari onenen artean dago. Etxerrietako jaietan omendu zuten, 2011n, baina horrez gain, merezi baino omenaldi gutxiago jaso ditu Bea Garciak.

Andoaindar bi ageri dira argazkian. Ezkerrean hasita, bosgarrena, Bea Garcia. Belauniko, ezkerrean hasita, hirugarrena da Arantza Iradi. 1990eko hamarkadan, Espainian, onena izan zen Añorga taldea. AÑORGA

Hura ezagutu ez zutenentzat, nolakoa zen Bea Garcia jokoan?

"Golak sartzera ere ohitu nintzen; denboraldi bakoitzeko 30etik gora sartzen nituen"

2011n Aiurrin egindako elkarrizketan horrela azaldu zuen jokalariak berak bere jokoa: "Erdilaria nintzen, aurrera atzera baino gehiago begiratzen duten horietakoa. Eskuina nintzen, baina ezkerrarekin ere ondo defendatzen nintzen. Abiada zen nire dohainetako bat. Eskuin aldetik lasterka joan eta zentratzea zen nire ezaugarri nagusietakoa; gola sartzeko moduan 'tak!' jartzen nien baloia aurrelariei. Golak sartzera ere ohitu nintzen; denboraldi bakoitzeko 30etik gora sartzen nituen!". 2011n bidegile ote zen galdetuta, honatx bere erantzuna: "Jabetzen naiz Añorgak garai historiko bat bete zuela emakumeen futbolean. Alde horretatik gu nahiko aitzindariak izan ginen".

Jokalariak aipatzen hasita, ezin ahaztu ere Añorgan aritu zela Arantza Iradi andoaindarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!