Ekimena iaz abiatu zuten elkarlanean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak: Euskaraz barra-barra (e//) du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabaldu dute.
Udala erakunde aitzindarietakoa da, ekimen honetan: “Andoainen, duela ia bi urte hasi ginen herriko establezimenduekin lanketa egiten, eta gaur-gaurkoz, dagoeneko, 62 establezimenduk egin dute bat markarekin. Datozen asteetan, beste 50 bisita inguru egingo ditugu Andoaingo establezimenduetan, gure udalerrian marka ahalik eta gehien zabaldu ahal izateko. Marka Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duen arren, Andoainen, Udalaren Euskara Zerbitzuak egingo du lanketa, zalantzak argitzeko eta ekimenaren nondik norakoak zehazteko. Andoaingo establezimenduren batek marka eskuratu edo informazio gehiago nahiko balu, Euskara Zerbitzuarekin jarri behar du harremanetan: 943 300 831 telefono-zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@andoain.eus e-postara idatziz”.
Udaletik zabaldutako oharrean, bertan parte hartzera deitu dituzte merkatariak: “Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako langileei dei egiten diegu ekimen honetan parte hartzera eta bezeroei dagokien arreta egokiena ematen segitzera”.