Leizaran Ernio Inmobiliaria, goranzko joera etengabean

Jon Ander Ubeda 2024ko mai. 23a, 07:09

Azken denboraldietan goranzko joera etengabea izaten ari da Leizaran Ernio Inmobiliaria taldea. Bigarren mailatik Euskal Ligara igo dira: 2 maila gorantz, 3 denboralditan. 

 

Legazpiarrekin eta ordiziarrekin lehia estuan aritu dira liga erregularrean, eta igoera-fasean. Euskal Ligarako bi txartelen bila abiatu ziren, udaberrian, Leizaran, Legazpi, Ordizia, Deusto, Askartza eta Gure Auzune. Igoerako fasean txapelduna –eta Euskal Ligara igotzen lehen taldea– Legazpi izan zen. Bigarren eta bosgarren sailkatuen artean, berriz, final four txapelketa jokatu zen aurreko asteburuan. Denboraldiko azken txapelketa Ordiziako Majori kiroldegian antolatu zuen Gipuzkoako Federakuntzak. Honatx, final fourreko finalaurrekoak:

• 28-22 Ordizia-Deusto.

• 29-22 Leizaran-Askartza.

Finala jokatzeke zegoen, ordiziarren kantxan. Itxuraz abantaila goierritarrentzat zen, baina partidak jokatu egin behar dira, eta luzapenean andoaindarrak nagusitu ziren:

• 26-22 Leizaran-Ordizia.

 

2021-2022 | Bigarren maila

Lorpena: Lehen mailara igoera

Ligan 17 partida irabazi zituzten, eta bakarra galdu. Kopa jokatu zuten, jarraian, eta lehiaketa hartan ere bikain aritu ziren: ligaxkako 8 partidak irabazi ostean, finalean Txingudi garaitu zuten (27-22).

2022-2023 | Lehen maila

Lorpena: Play-offerako sailkapena

Bigarren mailatik igo eta aurrealdean jarraitu zuen Andoaingo taldeak. Ligan hirugarren sailkatu ziren, 22 partidatik 15 irabaziz eta 7 galduz. Igoera fasean, finalaurrekoan, Ordiziaren aurka galdu zuten. Euskal Liga gertu izan zuten, orduan.

2023-2024 | Lehen Maila

Lorpena: Euskal Ligara igoera

Apirilean amaitu zen liga erregularra eta bertako sailkapena adierazgarria da, oso. Legazpi, Leizaran eta Ordizia sailkatu ziren, hurrenez hurren. Ligak utzitako argazkia, beraz, ez da aldatu. Ligako lehen bi sailkatuak igo dira. Denboraldi osoan (eta azken urteotan) landutako fruitua jaso du Andoaingo taldeak, merezimendu osoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!