Zuzendari ohiak Andoainen utzi zuen “ondare baliotsuagatik eta andoaindar askorengan izandako eraginagatik eskerrak emateko” kontzertua izango dela adierazi dute antolatzaileek, Andoaingo Udalak eta Udal Musika Eskolak.
Luis Fraca Royo (Ainzon, Zaragoza, 1929-Zaragoza, 2024) Andoaingo Udal Musika Eskolako eta Udal Musika Bandako zuzendaria izan zen 1958az geroztik, Alberto Agirreren lekua hartuta.
1972ra arte aritu zen Bandako zuzendari gisa, urte hartan desagertu baitzen, “garai hartako musikarien eta udalaren arteko desadostasunen ondorioz”, Udal Musika Bandako ordezkariek zabaldu duten oharrean zehaztu dutenez. Gehitu dutenez, “une horretatik aurrera, Fraca musika-eskolaren oinarriak jartzen hasi zen, eta urteak igaro ahala hazi egin zen”. Luis Fraca Piano-jolea izan zen berez. Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen piano eta konposizio ikasketak, eta 1989an erretiroa hartu zuen arte instrumentu horri buruzko eskolak ematen aritu zen.
Lau ataleko kontzertua
Fracak konposatutako abestiekin osatuko dute Basteron igandean emango den kontzertua, eta lau ataletan banatuko dute.
Fracaren ikasle ohi, eta egun, Udal Musika Eskolan piano irakasle den Myriam Ulangak, bakarka, piano kontzertua emango du, lehenengo zatian.
Ganbara musika izango da bigarren zatian, honako lau musikarien eskutik. Txitxu Castro (pianoa), Mirari Irurtzun (biolina) eta Ainhoa Merzero eta Erik Carrero (abeslariak). Andoaingo Udal Musika Eskolako irakasleak dira bi lehenbizikoak, Donostiako Kontserbatorioko kantu irakaslea da hirugarrena, eta haren ikaslea laugarrena.
Kontzertuaren hirugarrengo zatian, Udal Musika Eskolako instrumentu desberdinetako irakasleek Fracak berak harmonizatutako eta Mikel Emezabal Musika Eskolako zuzendariak berriz instrumentatutako gai herrikoien aukeraketa egingo dute. Hona nortzuk diren musikariak: Elena Gorrotxategi (flauta-flautina), Kolodo Salaberria (tronpa-tronpeta), Igor Ruiz (saxo-tenorra-saxo altua), Mirari Irurtzun (biolina), Ane Urbizu (eskusoinua), Mikel Emezabal (klarinetea-rekintoa), Claudia Alduncin (klarinetea-klarinete baxua), Gorka Otamendi (perkusioa), Txitxu Castro (piano-teklatua) eta Myriam Ulanga (pianoa).
Azken zatian, Mikel Emezabalek zuzentzen duen Bandak Fracak sortutako bi pieza joko ditu: Suite de Micro-piezas eta Peña Santa Cruz ereserkia.
Bestalde, Udalak ekitaldi instituzionala prestatu du, eta Andoni Alvarez alkateak hitzartuko du, Luis Fraca Royok Andoaingo musikari eta kulturari egindako ekarpen handia eskertzeko.
Fracaren alargun Alicia Sanz eta beste zenbait senide bertan izango dira.
Ixiar Orejak egingo ditu aurkezpen lanak.