Bisitaldi gidatua Buruntzako tontorrera, memoria historikoarekin lotuta

Aiurri 2024ko mai. 24a, 14:55

Buruntzako gurutzea, 2021eko abenduan eraitsi zutenean

Buruntza mendian barrena bisitaldi gidatua egingo dute larunbat honetan, goiz partean, 2021ean eraitsi zuten gurutzearekin eta memoria historikoarekin lotuta. Ekitaldi berean, “Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen” Buruntzako gurutze frankista liburua aurkeztuko du Oroituz elkarteak.

Andoaingo frankistaren biktimen oroimenaren eta eskubideen alde lan egiten duen Oroituz elkarteak antolatu du ekitaldia.

Bisitaldia Kanposantu Zaharretik abiatuko da (Buruntzako San Martin eliza zaharra), 09:30ean, eta hiru orduko iraupena izango du gehienez.

Antolatzaileek adierazi dute ibilbide zirkularra egingo dela Buruntza auzoko zenbait parajetan barrena; bere tontorrera gailurrera igo eta San Roke baselizatik igaroko dela. Ibilbidean, auzoko eta Andoaingo memoria historikoarekin zerikusia duten hainbat gai azalduko dira; hain zuzen, gai horiek eta beste hainbat, aipatu den liburuak jasotzen ditu.

 

 

Liburua larunbatean bertan plazaratuko dute

Burutzako gurutzearekin lotutako "Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen Buruntzako gurutze frankista” liburua aurkezteko probestuko du bisitaldia Oroituz elkarteak.

Elkarteak zehaztu duenez, bi hizkuntzetan idatzi du liburua. 142 orrialde ditu, eta iraganeko eta egungo makina bat argazkirekin hornitu du.

Ikerketa-lana atontzeko orduan era guztietako iturriak erabili dituela gehitu du elkarteak: besteak beste, prentsa historikoa, artxiboetako dokumentazioa, bizilagunen testigantzak, dokumentazio grafikoa, Buruntzako tontorrean eta San Roke ermitan bertan egindako landa-lanak...

2021eko abenduan Ernai gazte elkarteak Buruntzako gurutzea eraitsi izana eta ondorengo erreakzioen kronologia (herritarren komentarioak, Andoaingo eta Lasarte-Oriako Udalen gaitzespen-adierazpenak, memoria-taldeen prentsa-oharrak, salaketa judiziala...) ditu sorburu liburuak.

Baina gertakizun horiek aitzakiatzat hartuta, Buruntza auzoarekin eta memoria historiko antifrankistarekin zerikusia duten gai mordoa jorratzen dira, 14 ataletan.

Atal horien edukiak labur-labur aurreratu ditu elkarteak:

* 1939a baino lehen Buruntzako gailurrean gurutzerik egon ez zela frogatzen duten hainbat iturrien aipamena;

* 1910 aldera eraikitako San Roke baselizaren inguruan XIX eta XX. mendeetan jarritako gurutzeak; 

* Buruntzako tontorrean 1935ean zutitutako mendizaleen postontzia, Euskal Herriko zaharrena; auzoko bizilagunen bizipen erlijioso eta ludikoak; 

* Andoaingo okupazio militarra 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondoren eta Errepublikaren aldekoen erresistentzia Buruntzako gailurrean;

* Errepresioaren eskutik frankistek andoaindarren aurka sistema totalitarioa ezartzea;

* Udal frankistak eta Falangek 1939an Buruntzako tontorrean gurutzea zutitzea;

* Politika eta erlijio katolikoaren arteko harreman estua Espainiako Estatuan frankismo garaian eta ondorengo demokrazian, Errepublikaren parentesi laikoaren ondoren (1931-1936);

* Auzotarrek hainbat hamarkadatan baselizari erakutsitako debozioa eta 1939ko gurutzeari erakutsitako atxikimendurik eza;

* Gizartearen sekularizazioa, Euskal Herriko tontor askotan erlijio-ikurrei eustearekin kontrajarrita;

* Hainbat hamarkadatan Buruntza mendiaren ingurune naturala eta auzotarren bizi-kalitatea kaltetu duten hainbat egitasmo (harrobiak, errepideak, AHTaren tunela, hirigintza-plangintzak...); 

* Euskadiko (2023) eta Espainiako Estatuko (2007 eta 2022) memoria historikoari buruzko lege berriak, sinbologia frankistari dagokienez;

* Buruntzako gurutzea eraitsi ondorengo kronologia (gaitzespen ofizialak, prentsa-oharrak, salaketa judiziala, ikurrina bat jartzea...); 

* 2021az geroztiko erreakzio eta gertakari horiei buruzko hainbat gogoeta kritiko; - Oroituz taldearen etorkizunerako proposamena, eraitsitako Buruntzako gurutzearen gainean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!