Gipuzkoan Gazte Tour datorren ostiralean hasiko da, maiatzaren 31ean, Andoainen, Raymond Naval koreografo ospetsuak emango duen masterclass batekin, Gazte Lokalean, arratsaldeko 18:00tan. Ondoren, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Basteron: Soge Culebra, Anixe eta Láx Lazaro herriko artista, eta Ayvee aurkezle lanetan.
16 eta 25 urte bitarteko gazte eta nerabeei zuzendua dago ekimena, eta kultura eragileekin eta udalekin lankidetzan garatu da. Horrez gain, Gipuzkoan Gazte Tour ekitaldi inklusiboa eta irisgarria dela nabarmendu dute, eta sarrerek prezio baxua edukiko dutela jakinarazi dute. Horrela, kultura eta musika guztien eskura egon daitezen. Sarrerak auditorioaren webgunean jarriko dira salgai 3 eurotan.